Oñatiko udalak, 343 mila euro itzuli beharko dizkio Diputazioari, atzo alkateei aurkeztu zitzaien foru funtsen aurre likidazioa otsailean bere horretan mantentzen bada.

2012/10/31

  Gipuzkoako Foru Aldundiak urtero, urria amaieran, udalen finantzaketarako foru fondoen lehen errebisioa egiten du. Urteko diru sarrerek zein joera izan duten ikusita, udalei agindutako dirutzan izan daitezkeen gora beherak eguneratzen ditu. Urrikoa dena den, lehen estimazio edo jakinarazpen orientatiboa izan ohi da. Benetan balio eta aplikatzen den likidazioa, urtea amaituta, hurrengo otsailean egiten baita. 

  Foru Ogasuneko arduradunak Gipuzkoako alkateekin elkartu ziren atzo eta bileran jakinarazi zieten 2012ko foru funtsen aurre likidazio datua. Horren arabera, udalek, urte hasieran agindu baino kasik 23 milioi euro gutxiago jasoko dute. Oñatira etorrita, hasieran agindutakoa baino 343 mila euro gutxiago dagokiola esanahi du. Hori beti ere, otsaileko likidazioan kopuruak bere horretan mantentzen badira. Udalean ez da aparteko sorpresarik izan diputazioak jakinarazi dituen datuekin. Urtean zehar lurraldeko ekonomia datuek jada zergen kobrantzan izan den joera azaleratzen baitzuten, eta diru sarrera prebisioak ez betetzearen ondorioz, irteeretan ere murrizketak izango zirela jakinekoa zen.

  Sorpresarik ez da izan beraz, baina kezka bai, azken asteotan itzuli beharreko kopuru ezberdinen inguruko zurrumurruak zabaldu baitira. Azken urteetan errepikatzen ari den joera da hau, alegia, urte hasieran iragarritakoa baino gutxiago egokitu eta likidazioan dirua bueltatu behar izatea. Aipatu behar da ordea, orain jakinarazi den aurre-likidazio kopurua iazkoa baino txikiagoa dela, iaz Gipuzkoako udalek 50 milioi euro itzuli behar izan baitzizkioten Diputazioari.

  Oñatiri aurten foru fondoetatik 6 milioi euro jasoko zuela agindu zitzaion baina egin berri den aurre ikuspenaren arabera, 5 milioi 666 mila euro bakarrik legozkioke. Horrek esanahi du, prebisioak asko aldatzen ez badira, 343 mila euro itzuli beharko direla.

  Atzoko bileran, datorren urteko foru funtsaren aurrekontua ere aurkeztu zitzaien udal arduradunei. Aurre ikuspenak baikorrak dira eta Diputazioak diru sarrerak handitzea espero du. Horretxegatik, udalei zuzendutako diru aportazioa %5,13 igotzea aurre ikusten da, beti ere, aurtengo aurre likidazioarekiko.

  Oñatik, 2013an, foru fondoetatik, 5 milioi 968 mila euro jasoko ditu.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!