Oñatiko udalak, 132 mila euro itzuli beharko dizkio Diputazioari, ostiralean alkateei aurkeztu zitzaien foru funtsen aurre likidazioa otsailean bere horretan mantentzen bada.

2013/10/21

  Gipuzkoako Foru Aldundiak urtero, urria erdi-amaieran, udalen finantzaketarako foru fondoen lehen errebisioa egiten du. Urteko diru sarrerek zein joera izan duten ikusita, udalei agindutako dirutzan izan daitezkeen gora beherak eguneratzen ditu. Urrikoa dena den, lehen estimazio edo jakinarazpen orientatiboa izan ohi da. Benetan balio eta aplikatzen den likidazioa, urtea amaituta, hurrengo otsailean egiten baita.

  Foru Ogasuneko arduradunak Gipuzkoako alkateekin elkartu ziren ostiralean eta bileran jakinarazi zieten 2013ko foru funtsen aurre likidazio datua. Horren arabera, udalek, urte hasieran agindu baino kasik 9 milioi euro gutxiago jasoko dute. Oñatira etorrita, hasieran agindutakoa baino 132 mila euro gutxiago dagokiola esanahi du. Hori beti ere, berriro diot, otsaileko likidazioan kopuruak bere horretan mantentzen badira.

  Udalean aparteko sorpresarik ez da izan baina kezka bai. Urte hasierako aurreikuspenak betetzea zaila ikusten zen eta ondorioz, akaso dirua itzuli beharko zela pentsatzen zen baina datorren urterako prebisioak ikusita egoera berriro errepikatu daitekeenaren kezka dago, alegia prebisioak bete ez eta dirua berriro itzuli beharra izatea. Egoera hori azken bospasei urteetan errepikatzen ari da gainera.

  Oñatiri aurten foru fondoetatik ia 6 milioi euro jasoko zuela agindu zitzaion baina egin berri den aurre ikuspenaren arabera, 5 milioi 771 mila euro bakarrik legozkioke. Horrek esanahi du, prebisioak asko aldatzen ez badira, 132 mila euro itzuli beharko direla.

  Ostiraleko bileran, datorren urteko foru funtsaren aurrekontua ere aurkeztu zitzaien udal arduradunei. Aurre ikuspenak baikorrak dira eta Diputazioak diru sarrerak handitzea espero du. Horretxegatik, udalei zuzendutako diru
aportazioa bataz beste %5,4 igotzea aurre ikusten da, beti ere, aurtengorako agindu zen foru funtsarekiko baina Oñatiren kasuan, igoera handiagoa agintzen da, %6,3koa. Oñatik, 2014an, foru fondoetatik, ia 6 milioi 350 mila euro jasoko ditu.

Iturria: Oñati irratia