Oñatiko Udalak 1.265.000 euroko ekarpena egingo dio Mankomunitateari 2016ko aurrekontuei aurre egiteko

2016/02/03
Udalen diru ekarpena murriztu egingo da aurten

  Mankomunitateak urtarrilaren 12ko Gobernu Juntan onartu zituen  2016ko aurrekontuak eta orain, jende agirian eta alegazioetarako epean daude. Debagoienako Mankomunitateak iaz baino aurrekontu murritzagoa izango du aurten, % 10,71 murritzagoa. Bereziki, Epeleko azpiegiturak osatuta, atal horretan izan den jaitsierari dagokio aurrekontuaren murrizketa. Debagoienako Mankomunitateak, 10.821.000 euroko aurrekontua zehaztu du aurten.

  Eskualdeko erakundeak eskaintzen dituen zerbitzuak ordaintzeko, berau osatzen duten udalen diru ekarpena ezinbestekoa da. Aurrekontuak murriztuta, udalen ekarpenak ere behera egingo du aurten,  % 1,66 murriztuz. Jaitsiera hori dena den, ez dator bat aurrekontuek orokorrean izan duten murrizketarekin, aurrekontuak baino dezentez maila txikiagoan jaitsi baitira udalen ekarpenak.

  Udal ekarpenak zerbitzuen araberako irizpide ezberdinak dituzte. Irizpide orokorra biztanleen arabera banatzearena da. Irizpide orokor hau zerbitzu orokorretan, garapen agentzian, kirolean eta turismoan aplikatzen da. Beste zenbait ataletan berriz, erabiltzaileen arabera zehazten da udal bakoitzaren ekarpena. Herriko jarduera ekonomikoari ere begiratzen zaio zenbait zerbitzuren erabilera neurtzerakoan, herrian dauden industria eta merkatal lokalak kontutan hartzen baitira eta hauek dituzten langileen arabera mailakatzen dira. Aldagai guztiak neurtu eta kalkulatuta, Oñatiko Udalak 1.264.593 euroko ekarpena egingo dio aurten Mankomunitateari, iaz baino % 2,8 gutxiago. Gainontzeko udalen ekarpena ere jaitsi egin da baina ez maila berean, Gatzagak esaterako, murrizketa handiena izango du aurtengo ekarpena iazkoa baino % 5,7 murritzagoa izaki eta Arrasateri dagokiona berriz, % 0,35 bakarrik murriztuko da aurten.

Iturria: Oñati Irratia

Mankomunitateko egoitza