Oñatiko Udala Grant beka lortu zuen lanaren defentsa irailaren 24an egingo da Lege Soziologia Institutuan

2019/09/17
Menpeko pertsonen zaintzaren inguruan sortzen diren harremanak aztertu ditu Hermann Vasquez-ek masterreko tesinan

  Lege Soziologia Institutuan Lege soziologiako master ikasturte berria hasi da. Atzo hain zuzen ere, eta 7 herrialde ezberdinetatik etorritako 9 ikaslerekin. Ohi bezala, egunotan baita ere, joan den ikasturteko ikasleak beraien tesinen defentsak egiten ari dira. Institutuak ahozko defentsa egiteko aukera ematen du eta hautu hori egiten duten ikasleak Oñatira etortzen dira. Defentsak irekiak dira eta interesa duen edonork entzun ditzake. Datorren astean, hiru tesina defentsa izango dira.

  Lehenengoa Hermann Vasquez venezuelarrak egingo du datorren asteartean. Vasquez-ek Oñati Udalak urtero ematen duen Grant beka eskuratu zuen, Oñatin, menpeko pertsonen zaintzaren inguruan sortzen diren harremanak aztertzeko. Beka horren laguntzaz osatu du tesina; hauxe da izenburua: La interacción de las prácticas sociales en el marco jurídico del contrato de atención a las personas mayores dependientes en el hogar en el municipio de Oñati: Causa legal de la relación jurídica versus motivos sociales.

  Oñatin bizi diren menpeko pertsona nagusien zaintzan garatzen den harreman sozial eta juridikoa aztertzea da lanaren helburua, izenburuak adierazten duen bezala. Harreman horretan sozialki zaurgarriak edo vulnerableak diren bi taldek hartzen dute parte: menpekotasuna duten nagusiak eta zaintza lanak egiten dituzten etxeko langileak, gehienak emakumeak eta sarritan etorkinak. Ikerlanaren ikuspegi horrek herrian garrantzia duten bi errealitateren arteko harremanean jartzen du fokua: baliabide instituzionaletatik haratago egiten den nagusien zaintza eta etorkinen gizarteratze eta laneratze moduak. Beraz, jaso den informazioa eta analisiaren ondorioak garrantzitsuak izan daitezke udalarentzat, politika publikoak diseinatzeko orduan.

  Herman Vasquez-ek hilaren 24an, 18:00tan egingo du tesinaren defentsa publikoa. Epaimahaia bi lagunek osatuko dute: Noé Cornagok, Lege Soziologia Institutuko zientzia zuzendaria, eta Aitor Urrutia irakasleak, zahartze osasuntsuan aditu denak. Hurrengo egunean, hilaren 25ean, beste bi defentsa izango dira, biak ere ingelesez. Lehenengoa Ivan Daldoss italiarrak egingo du, goizeko 9:30tan eta bigarrena, Amanda Kovalczuk brasildarrak, arratsaldeko 16:00tan.  

Iturria: Oñati Irratia