Oñatiko udala

Oñatiko Turismo Plan Estrategiko berria egingo du udalak

2020/01/20
Card image cap
Lehen faseari dagokion diagnosikoa Beinke enpresak zuzenduko du

  80ko hamarkada amaieran ekin zion Oñatiko udalak turismoa lantzeari. Orduan osatu zen lehen plan estrategikoaren ondoren beste bi egin ziren, azkena, 2010ean. Turismo arloan egoera asko aldatu da azken hamar urteetan, bai eskaerari nahiz eskaintzari dagokionean ere. Horregatik, Oñatiko Turismo Plan Estrategiko berria osatzea erabaki da.

  2020a bitan zatituko da plan estrategiko horren bueltan: apirila-maiatza bitartean turismo sektorearen diagnosia egingo da eta urteko bigarren seihilekoan, ekintza plana zehaztuko da. Hala, 2021etik aurrera, ekintza konkretuak garatzen eta ebaluatzen hasiko dira.

  Lourdes Romano buru duen Beinke Turismo Aholkularitza enpresa kontratatu du udalak turismoaren diagnostikoa egiteko. Halako zereginetan eskarmentu handia duen enpresa da, aurrez, besteak beste, Urola-Kosta, Añana, Arabako mendialdea nahiz Gasteizko turismo plan estrategikoak egin baititu. Lanik berriena, Urdaibai eskualdean, abenduan amaitu zuen Turismo Jasangarriaren Europako Karta deritzona, lehena Euskadi mailan. Beinke enpresaren buru da Lourdes Romano oñatiarra, 80ko hamarkada haren amaieran udalak kontratatu zuen lehen turismo teknikaria. Oñatiko turismo diagnostikoa egiteko hautatu den enpresan beraz, esperientzia eta herriaren ezagutza eskutik datozela  azpimarratu du Xabier Igartua Sozioekonomia batzordeburuak gaurko aurkezpen prentsaurrekoan.

  Oñatiko Turismo Plan Estrategikoa osatu aurreko diagnostiko lanak hiru zutabe edo oinarri izango ditu: orain arte egin diren plan estrategikoetan zehaztutako ekintzak eta bete diren, edo ez, ikusiko eta aztertuko dira; erreferentziazkoak izan daitezkeen esperientziak jorratuko dira eta sektorean diharduten profesionaletik DAFO edo AMIA deritzon prozesua osatuko da, turismoaren egoeraren argazki orokorra atera ahal izateko. AMIA prozesu horretarako turismo sektorean diharduten profesional eta norbanakoengana birritan jotzeko asmoa dago, printzipioz. Horrezaz gain, hainbat elkarrizketa partikular ere egin asmo dira.

  Diagnostikoa maiatzerako amaitzea aurreikusten da eta hortik aurrera, ekintza plana bera zehaztuko da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!