Oñatiko SAREk antolatuta 6-7 autobus joango dira bihar presoen giza eskubideen alde Bilbon egingo den manifestaziora

2017/01/13
Card image cap
Goizean bi eta arratsaldean 4-5 irtengo dira

  Giza eskubideak. Konponbidea. Bakea lemapean antolatu du Sarek bihar arratsaldean Bilbon egingo den manifestazioa. Hainbat erakunde eta talderen babesa jaso dute eta aurten ere, jendetsua izatea espero da. Oñatitik, norbere kabuz joango diren herritarrez gain, ia 400 herritar joango dira Bizkaiko hiriburura bertatik antolatu diren autobusetan. 10:00etan bi autobus irtengo dira. Plaza guztiak beteta daude jada. 15:00tan beste lau irtengo dira, akaso bost. Laugarren autobusa betetzeko 12 plaza bakarrik geratzen ziren atzo ilunkaran baina berehala betetzen badira bosgarren autobus bat ere jarri daitekeela iragarri dute antolatzaileek. Izan ere, txartelak saltzen ari baitira 11:30etatik Kale Barriako 9an egokitu den lokalean. Eta esan bezala, nahikoa jende hurbiltzen bada, bosgarren autobuseko plazak eskainiko dira. Kiku goxoki denda ondoko lokala 19:00etatik 21:00etara irekiko da.

  Bilbora goizetik doazenentzat egitarau berezia antolatu da alde zaharrean. Bertsolariak, trikitilariak, txistulariak eta joaldunak izango dira eta kantu-jira ere egingo da. Goizeko ekitaldietara joateko asmoa dutenentzat, autobusak, 10:00tan irtengo dira Bilborantz. Arratsaldeko 15:00tan berriz, gainontzekoak. Autobus guztiak, Ibarratik, Enpresagintza Fakultateko aparkalekutik irtengo dira. Manifestazioa 17:30tan abiatuko da Bilboko La Casillatik eta bukatu bezain pronto, Oñatira itzultzeko autobusak irtengo dira.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!