Oñatiko odol emaileen ateraldiak Osasun Zentroan izango dira aurrerantzean

2016/09/20
Ordutegia pitin bat aurreratuta, 17.00etatik 19.00tara izango da

  Txantxiku Ikastolan egin diren birmoldaketa lanek eragin dute odol emaileen ateraldietarako lekua aldatzea. Dena den, ez da bide handirik egin beharko, Osasun Zentroa hautatu baita. Tokia aldatu da eta ordutegia ere bai, aurrerantzean, hileroko odol ateraldiak, 17.00etatik 19.00etara izango baitira. Osasun Zentroak duen ordutegira egokitu behar izan dute. Lekua eta ordutegia aldatzen bada ere, urte amaierara arte iragarritako egutegia bere horretan mantentzen da. Ostiral honetan izango da hurrengo odol emanaldia eta Osasun Zentroan izango da estreinako aldiz.

  Donostiatik datorren erizain eta mediku taldea anbulatorioko bigarren solairuan kokatuko da. Odola emateko ohatilak emaginak gimnasiarako erabiltzen duen aretoan jarriko dira, eta aurrez medikuarekin pasatu beharreko kontsulta ere, solairu bereko beste gelatxo batean egokituko da. Nahikoa leku badagoela esan digu Oñatiko odol emaileen taldeko arduradunetako batek. Irisgarritasun aldetik, oso aproposa dela aipatu digu, anbulatorioak igogailua eta aparkalekua ere bertan baitauzka. Beraz, materiala sartu eta ateratzeko leku erosoa dela azpimarratu digu. Osasun Zentroan atzo egon ziren azken xehetasunak lotzen. Leku aldaketa hau naturala ere bada. Inguruko beste herri askotan odol emateak Osasun Zentroan egiten dira.

  Odol emaileen hurrengo hitzordua ostiral honetan gauzatuko da Osasun Zentroan 17.00etatik 19.00etara. Berdin gertatuko da aurtengorako iragarrita dauden beste hiru ateraldi egunetan ere, alegia, urriaren 21ean, azaroaren 11an eta abenduaren 9an.

Iturria: Oñati Irratia