Oñatiko Musika Egunak maiatzetik azarora aldatuko dira aurten.

2013/04/30
Azaroan, barrualdean musika entzuteko giro egokiagoa egiten duenaren ustean, musika zikloa udazkenera pasatzea erabaki da.

  Oñatiko Musika Egunak azken hogeitaka urteetan udaberrian, maiatzean egin diren arren, aurten udazkenean egingo dira. Maiatzeko agenda oso kargatuta egon ohi da: auzo jaiak hasten dira, eskoletako ekintzak eta  Jaunartzeak pilatzen dira. Eguraldi ona hasteko urte-sasoia ere bada eta negu luzearen ondoren, herritarrak kanpoko ekintzak egitera animatzen dira.

  San Migel eta Errosarixo jaien ostean berriz, egunak motzagoak dira eta eguraldi txarra hasten da, kanporako baino barrurako ekintzetara biltzeko joera handiagoa dugularik.

  Guzti hori kontutan hartuta, udaleko kultura departamentuak, Musika egunak maiatzetik azarora aldatzeko proba egitea erabaki du. Aurrez, Foru Aldundian kontsulta egin zen, musika zikloaren antolakuntzan udalarekin bat egiten baitu. Diputazioko arduradunek ere proposamena begi onez ikusi zuten eta hala egingo da.

  Azken urteetan, Oñatiko eta Azkoitikoak Musika Egunak elkarren eskutik ospatu dira. Bakoitzak bere programazioa zuen arren, kontratazio bat edo bi elkarrekin egiten baitzituzten kostuak merkatuz. Ekimena maiatzetik azarora aldatzeak garai horretan musika zikloak egiten dituzten beste herri batzuekin elkarlanean aritzeko aukera irekitzen duela adierazi digu Manu Egaña kultura batzordeburuak. Ordizian esaterako, musika barroko zikloa izaten da. Litekeena da beraz, Oñatira ekarriko den kontzertu bat goierritarrekin batera antolatzea.

  Oraindik, artista edo emanaldi konkretuetaz berba egiteko goizegi den arren, Musika egunek azken urteetan izan duten egiturari eutsiko zaiola aurreratu digu Egañak. Hala, publiko gaztetxoari zuzenduta emanaldi didaktiko bat ekarri asmo dela aurreratu digu eta abesbatzaren baten kontzertua ere izango dela.

  Dagoeneko esan genezake, Azaroko musika egunak orain arte egin direnaren antzera, hileko lau domeketan, arratsaldez eta Santa Ana antzokian izango direla.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!