Oñatiko moneta sozialaren oinarrizko arauak azaldu eta eztabaidatzeko batzarrak egingo dira herriko merkatari eta ostalariekin.

2014/06/17
Ekainaren 24rako, bi bilera ordu zehaztu dira, goizeko 10ak eta arratsaldeko 3ak.

  Oñatiko moneta soziala abian jartzeko ideia, iaz landu zen PERCOaren haritik  sortu zen. Helburua, bertako eskaria finkatu eta herritarren eta herriko hirugarren sektoreko sare ekonomikoaren arteko bat egitea sendotu eta berritzea.
Aldi berean, herritik kanpo bizi arren egunero Oñatira lanera datozen horiek bezero bihurtzea edota joan-etorrian dabiltzan turistak erakartzeko bide gisa ikusten da Oñatiko moneta soziala.

  Martxoan, gaia landuko zuen “mahai teknikoa” izendatu eta lanean hasi zen eta horren eskutik, apirilean, Euskal Herrian martxan diren moneta sozial esperientzia ezberdinak aurkeztu ziren. “Mahai tekniko” horrek, Oñatiko moneta sozialaren funtzionamendu arauen zirriborroa ere osatu du. “Txantxi” izena eman dio Oñatiko monetari eta “txantxi”a euroarekin parekatu du, hau da, txantxiak euro baten baliokidetasun edo kanbio balorea izango du. 50 xentimo, euro bat, 5, 10 eta 20 euroko baliodun txantxi billete paperak inprimatuko dira.

  Tokiko moneta erostean, erabiltzaileak % 5aren saria jasoko du, 100 euroren truke 105 txantxi jasoko dituelako. Era berean, proiektura atxikitako establezimenduek urtean zehar hainbat deskontu osagarri eta eskaintza berezi egingo dituzte txantxien erabilera promozionatzeko. Baina herriak beste onura garrantzitsu bat jasoko du tokiko monetaren erabilera honetatik. Udalerrian proiektu solidarioak garatu ahal izateko eta tokiko merkataritza sustatzeko gizarte funts bat sortuko baitu Txantxien erabilerak.

  Kolektibo onuradunak nortzuk izango diren, txantxien erosketa eta hauek euroengatik trukatu edo saltzea, iraungitze dataren kudeaketa eta proiektuarekiko atxikimendu edo lotura motak zehazten dira, besteak beste, mahai teknikoak osatu duen oinarrizko arauen txostenean. Baina arauak behin-behinekoak dira eta herriko merkatari, ostalari eta gremioetako profesionalekin kontrastatu nahi dira. Arauak azaldu eta eztabaidatzeko eta ekarpen berriak jasotzeko bilerak antolatu dira datorren astearterako, ekainaren 24rako. Bakoitzari hobekien datorkion ordutegia aukeratu dezan, aurkezpen-eztabaida bilerak, goizeko 10etan eta arratsaldeko 3etan egingo dira kultur etxean. Parte hartzera gonbidatuz, gutunak bidali zaizkie herriko dendari, ostalari eta gremioetako profesionalei.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!