Oñatiko udala

Oñatiko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu sektoreko enpleguari eta jarduerari eusteko ez ohiko udal dirulaguntzak aztergai izango dira arratsaldeko Osoko Bilkuran

2020/05/28
Card image cap
Udal Finantzaketarako Foru Funtsa murriztearen haritik EH Bilduren mozioa ere azalduko da

  8 gai zerrendatu dira arratsaldean egingo den maiatzeko Osoko Bilkurarako. Covid-19ak eragindako egoeraren aurrean Oñatiko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu sektoreko enpleguari eta jarduerari eusteko ez ohiko dirulaguntzen oinarriak eta deialdia onartzea proposatuko zaio udalbatzari.

  Udalak 342.000 euroko diru partida dauka hainbat astetan itxita eta jarduerarik gabe egon diren hirugarren sektoreko autonomo eta 10 langile baino gutxiago dituzten mikroenpresei laguntzeko. Establezimendu bakoitzari dirulaguntza finko bat emango zaio itxita egon den hilabete bakoitzeko, dituen langileen araberako dirulaguntza ere finkatu da eta gainera, ohiko gastuak, argindar, ura eta hondakinen bilketa gastuak arindu ahal izateko dirulaguntzak emango dira. Baina establezimendu bakoitzeko dirulaguntza mugatu egin da eta gehienera 2000 euro jaso ahal izango dira.

  Ez ohiko dirulaguntza hauek arautzen dituzten oinarrien berri emango da arratsladeko Osoko Bilkuran eta deialdia lehenbailehen egitea proposatuko da. Deialdia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratuta uztailaren 30a arteko epea izango da dirulaguntza hauek eskatzeko.

  Ez dira horiek izango arratsaldeko Osoko Bilkuran aztertuko diren diru kontu bakarrak, Udalen Finantzaketarako Foru Funtsa murrizteko Diputazioak hartu duen alde bakarreko erabakiaren aurrean EH Bilduren mozioa ere eztabaidatuko baita. Gipuzkoako udalek urte hasieran agindu zitzaiena baino % 20 gutxiago jasoko dute aurten Foru Funtsatik, 107 milioi euro gutxiago. Oñatira etorrita, 1.650.233 euro gutxiago jasotzea esanahi du horrek. Erabakia alde bakarrekoa izan da, Diputatuen Kontseiluan hartutakoa eta udalei kontsultarik egin gabe. EH Bildu horren kontra azaldu da publikoki eta zentzu horretan osatutako mozio idatzia aurkeztuko da arratsaldeko Osoko Bilkuran.

  Telematikoki egingo den hileko bilkura zuzenean eskainiko du Oñati Irratiak, 18:30tatik aurrera.
 

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!