Oñatiko merkatarien adina kontutan hartuta negozioen transmisio eta jarraipena da etorkizunerako erronka nagusia.

2013/10/16
Card image cap
Oñatira lanera datozen kanpotarrak eta turistak bereganatzea berriz, landu beharreko esparruetako bat.

  PERCO azterlanaren diagnostikoan jasotako puntetako batzuk dira aipatutako horiek. Ikertalde enpresak dihardu aipatu dokumentua lantzen. Pasa den hilean jada, udal ordezkariei eta dendariei ateratako ondorio nagusiak aurkeztu zitzaizkien, eta atzo berriz, ekintza planak aztertu eta definitzeko bilera egin zen udaleko ordezkari eta teknikariekin.
Oñatiko merkataritzaren egoera, erlatiboki, ona dela ondorioztatu dute Ikertaldeko teknikariek bere diagnostiko lanean. Ekonomikoki, nahikoa ondo dagoen herrian kokatuta dagoela ikusi da lehenik, herritarren bataz besteko errenta altua da, langabezia, konparatiboki inguruko herri eta eskualdetakoa baino txikiagoa, eta gastu ihesa ere txikia, % 15ekoa.
Komertzioen kokapen espaziala egokitzat jo da, pisu handiena gune historikoak hartzen duelarik, ohikoa denez.
Merkatal dentsitatea berriz, erlatiboki, baxua den arren, ehuneko 10aren ingurukoa, herritarren eskaerari erantzuteko modukoa dela ikusi da.

  Orokorrean, bezeroek, ondo baloratzen dute herriko merkataritza, bai dendariak, baita dagoen eskaintza ere. Alde horretatik, fidelizazioa handia dela ondorioztatu da.

  Baina zaindu beharreko aldeak ere badaude: erosketa sistema berriak aztertzerakoan, internet esaterako edota erosketak egiteko kanpora joateko joera, gazteen artean bereziki nagusitzen dela ikusi da. Horrek, noski,  eragin kaltegarria du herriko merkatarientzat.

  Hurrengo urteetara begira bestalde, erronka handienetakoa negozioen jarraipena izango da. Egungo dendarien adina gora doa eta erreleboa prestatu behar da. Beraz, transmisio hori landu behar da egungo merkatal eskaintzari jarraipena eman ahal izateko.

  Egun oso txikia den kanpoko fluxua iraultzeko bideak ere landu behar dira. Oso gutxi dira kanpotik Oñatira propio erosketak egitera datozenak. Baina kanpotarrak etorri-etortzen dira, batzuek lanera, besteak turismo egitera. Bi segmentu horiek herriko dendetara hurbiltzeko estrategiak landu behar dira.

  Eta hori guztia nola egin ekintza plan konkretuetan zehazten ari dira. Atzo goizean justu, ekintza planak aztertu eta definitzeko bilera egin zen.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!