Oñatiko lau ikasle finalista dira AED elkarteak antolatu duen Arrasate Literatur lehiaketan

2019/05/15
Card image cap
Sari banaketa bihar arratsaldean egingo da Kulturaten

  Euskarazko sormena eta literatur zaletasuna sustatzeko helburuz antolatzen da Arrasate Literatur Lehiaketa. Debagoienean bizi edo ikasten duten 11 eta 18 urte bitarteko gaztetxo eta gazteei zuzenduta dago.

  Aurtengo lehiaketak hainbat berrikuntza ekarri zituen, nagusiena, lanen generoak zabaltzea, ilustrazioak, mikro-ipuinak eta komikiak aurkezteko aukera eman baitzaie gazteei. Berrikuntzek harrera ona izan dute, oro har, parte hartzea ia bikoiztu egin baita, iazkoarekin alderatuta, eta oñatiar gehiago ere parte hartzera animatu da nonbait, AEDtik adierazi digutenez. DBH mailatik gorako ikasleen partaidetza bereziki sustatu da aldaketa hauekin eta DBH 4 eta Batxilergoko ikasleak dira hain zuzen, finalista izendatu dituzten Oñatiko lau ikasleak.

  Guztira 187 lan aurkeztu dira 32. Arrasate Literatur Lehiaketara, eta 22 finalista hautatu dira, tartean, Maddi Altzelai, Uxue Ugalde, Eneko Haritza Olaeta eta Izar Mendiola oñatiarrak, AED elkartetik zabaldu denez. Sari banaketa ekitaldia bihar izango da, Arrasateko Kulturaten, 18:30tan.

  Finalista diren oñatiar horiek saria lortzen badute ez dira izango Arrasate Literatur Lehiaketan saritu diren lehen herritarrak, baina oñatiarren partaidetza asko igo da aurten eta beraien presentzia finalisten artean ere nabarmenki handitu da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!