"Oñatiko Kultura Saria, zergatik ez?" galderapean iritzi artikulua zabaldu du EAJk prentsara

2018/02/09
Card image cap
Kultur arloko oñatiarren lan ona eta ibilbidea aitortu eta eskertzeko saria sortzea eskatzen dute jeltzaleek

  Eskaera ez da berria, 2017ko eta 2018ko aurrekontuen proposamenean aurkeztu zuten baina EH Bilduk atzera bota zuen eragileen arteko konpetentzia ez sanoa eragin zezaketela esanda. Argudioa jeltzaleen ekimena atzera botatzeko aitzakia ote den galdetzen du EAJ-k bere idatzian.

  Gabonetan Oñatiko udalak hainbat sari banatu zituela gogoratzen dute jeltzaleek iritzi artikuluan: kirol sariak eta erakusleiho sariak. Biak EAJ udal gobernuan zegoela orain 10 urte banatzen hasi zirela aipatzen da, xedea, herriko kirolari eta merkatarien lan ona, ahalegina eta ibilbidea aitortzea, balioan jartzea eta bistaratzea izan zela zehaztuz. Hala ere, Oñatin kulturaren esparruan diharduten edo jardun dutenak ez direla saritzen gaineratzen da, ez baitago Kultura saririk.

  Oñatin talentua badagoela dio jeltzaleen iritzi artikuluak, eta horren adibide gisa Handia filmaren zuzendarietako bat, Aitor Arregi oñatiarra dela gogorarazten da. Nazioarte mailan saritutako oñatiarrak herrian saritzeko biderik ez izateak tristura sortzen diela diote jeltzaleek. Horregatik, kulturaren esparruko sortzaileak aintzat hartzea eta Kultura saria sortzeko eskaera berriro egin dio udal gobernu taldeari. Horrela, kultura arloan diharduten oñatiarren lan ona eta ibilbidea aitortu eta eskertu, balioan jarri eta bistaratzeko bidea izango dela gaineratuz.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!