Oñatiko komertzioetan galdeketak egiteko bi inkestatzaile kontratatuko ditu Siadecok

2020/01/24
Card image cap
Herriko merkataritzaren diagnostikoa osatzeko informazioa jasoko dute, Merkataritza Biziberritzeko Planaren baitan

  Oñatiko komertzioetako arduradunei inkestak egiteko pertsonak kontratatzeko deialdia egin du Siadekok, Debagoieneko mankomunitatearen bitartekaritzaz. Bi lagun kontratatu nahi dira eta lanean, berehala hastea nahi da. Hilabeteko kontratua eskaintzen da eta komertzio ordutegi eta egutegian egin beharko da lan, hau da,  astelehenetik ostiralera (10:00-13:00 / 16:00-20:00) eta larunbatetan (10:00-13:00).  Izan ere, kontratatuko diren bi lagunek herriko dendariei egindako galdetegi bat bete beharko baitute. Eskaintzen den hileko soldata gordina, 1100€ da. Goi mailako batxilergoa edo goi mailako heziketa zikloren bat egina izatea eskatzen da, eta euskara nahiz gaztelera ahoz zein idatziz ondo moldatzea. Oñatiko euskara ezagutzea eta gidabaimena edukitzea ere baloratuko da.  Harremanetarako, mankomunitatera deitu eta Naiara Aranbururekin berba egin behar da.

  Herriko dendariei egingo zaizkien galdeketa hauek, Oñatiko Merkataritza Biziberritzeko Plana eguneratzeko lanaren baitan kokatzen da. Diagnosi fasean dago, eta hori osatzeko informazio zuzena izango da merkatariek inkestatzaile hauei emango dietena, besteak beste.

  Merkataritza sektorean ikerketa, aholkularitza eta plangintza esperientzia handia duen Siadeco enpresa ari da Oñatiko Merkataritza Biziberritzeko Plana eguneratzen. Bertako teknikoak, dendariekin ez ezik, sektoreko beste eragile batzuekin ere elkarrizketatzen ari dira, aipatu diagnostikoa ahalik eta borobilena izan dadin. Izan ere, diagnostikoak egungo merkataritza eta zerbitzu sistemaren egoeraren ikuspegi sakona eskainiko baitu, abiapuntu eraginkor eta erabilgarria izanik, hurrengo fasean, ekintza plana diseinatzeko.

  Diagnostikoaren fasea udaberrirako amaitzea aurreikusten da, apirilerako-edo amaitu nahi da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!