Oñatiko jatetxe eta ekoizleen parte hartze garrantzitsuaz hasi dira Debagoieneko XIX. Gastronomia Jardunaldiak

2015/03/11
Card image cap
Apirilaren 26ra arte luzatuko dira

  Mankomunitateko turismo departamentuak sustatutako gastronomia jardunaldi hauek eskaintza sendoa dira sei urteko ibilbidearen ondoren. Eskualdeko jatetxeen menu berezien eskaintza izatetik, bisita gidatu edota aurkezpen-dastaketa saioz borobildu dira ekitaldiz ekitaldi.

  Pasa den ostiralean hasi eta apirilaren 26ra arte luzatuko diren XIX. jardunaldi hauetan, eskualdeko 7 jatetxek parte hartzen dute. Oñatin ohikoak diren Etxe Aundi, Goiko Benta eta Torre Zumeltzegirekin batera, Arrasateko Hilarion eta Santa Ana, Bergarako Lasa eta Elgetako Maialde daude. Guztietan, bildotsa, Debagoienako ardi esnekiak eta pellak oinarri duten menu bereziak eskaintzen ari dira. Prezioa ere, berezia da. Datorren asteburu honetan, jardunaldi gastronomikoen baitan zehaztutako menuez gain, euskal txerri labeldun produktuak erabiliz, menuak ere eskainiko dira.

  Bisitak ere antolatu dira. Artzaintza hurbiltzeko asmoz Gomiztegi baserrian bisita gidatuak egingo dira domekero. Artzaintzaren historia azaldu eta esnekien dastatzea egingo da. Antzuolako Lapatza  eta Aretxabaletako Mendibitzu baserri ekologikoak ere bisitatu ahal izango dira aurrez eskatuta. Bisita guzti horiek, Debagoieneko turismo departamentutik bideratzen dituzte. Interesatuek, telefonoz deitu behar dute: 943.796463 zenbakira.

  Azken hiru urteetan bestalde, eskualdeko artzainekin lankidetzan Artzain azokak egin izan dira. Aurten ere egin asmo da baina udaberriko jardunaldi gastronomikoen eskaintzatik kanpo. Horretarako, Debagoienako zazpi gazta ekoizlerekin ari dira lanean, tartean, Oñatiko Aldai, Azkarreta, Gomiztegi eta Urtiagainekin. Azkenaldian txakolin ekoizleak ere ari dira jardunaldi gastronomiko hauetan elkar lanean eta horien artean ere badira oñatiarrak: Murgialdai eta Upain, hain zuzen ere.

  Martxoaren 6an hasi ziren Debagoieneko XIX.jardunaldi gastronomikoak, apirilaren 26ra arte luzatuko dira.

 

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!