Oñatiko ikastetxeetan ikasi duten 67 gaztek astelehenean hasiko dituzte unibertsitatera sartzeko azterketak

2020/07/03
Card image cap
Probak Eibarren egingo dituzte eta joan-etorrirako autobusa antolatu da

  Txantxiku ikastolakoek Ingeniaritza eskolan, 32. epai mahaiari dagokion aretoan egingo dituzte azterketak eta Zuazola-Larraña institutuek eta Elkar Hezikoek berriz, Armeria eskolan kokatuko den 33. epai mahaiari dagokionean. Baina guztiak, Eibarren eta ondorioz, bertarainoko joan-etorriak egiteko autobusa antolatu dute herriko eskolek goizetan joan eta eguerdian edo arratsaldean itzultzeko, bakoitzak dituen azterketen arabera. Izan ere, selektibitateko azterketak astelehenetik asteazkenera goiz eta arratsaldez egingo dira, baina ikasle denek ez dituzte froga guztiak egin behar. Eibarra joateko autobusa postetxe aurrealdeko geltokitik irtengo da goizero, astelehenean 7:45tan eta astearte eta  asteazkenean, 8:00tan.

  Unibertsitatera sartzeko ebaluazio proba egitera doazen oñatiarrak 67 dira guztira:  33Txantxiku ikastolakoak dira, 21 Elkar Hezikoak eta 13 Zuazola-Larraña institutukoak. Ikasleek Nortasun Agiria eta matrikula ordain-agiria eraman beharko dute. Azterketa aretorako sarrera modu mailakatuan egingo da, deitura edo abizenaren arabera. 9:00tan hasiko dira eta azken txandakoak 9:40tan sartuko dira. Guztiek musukoa edo maskarilla eraman beharko dute eta sarreran eskuak gel hidroalkoholikoz garbitzea eskatuko zaie.

  Ez da hori izango aurtengo berezitasun bakarra. Unibertsitatera sartzeko ebaluazioa berrantolatu da koronabirus pandemia dela eta. Berregituraketak helburu bikoitza du, proba malgutzea eta ikasleen aukera-berdintasuna bermatzea.  Funtsean, azterketa bakoitzaren hautazkotasuna handitu da, eta azterketa bakoitzeko A eta B aukeretako galderak modu ordenatuan nahasteko aukera emango zaie ikasleek, beti ere,  galdera bakoitzaren puntuazioa gogoan hartuta. Covid 19ak eraginda gainera, selektibitateko azterketak ohikoa baino hilabete beranduago egingo dira. Ekainean egin ohi den  deialdia uztailaren 6tik 8ra egingo da eta bestela uztaila hasieran beharko lukeen ezohikoa, uztailean bai baina 20tik 22ra egingo da.

  Lehen deialdi honetara aurkezten den gehiengo zabal batek proba gainditzen du. Iaz esaterako Oñatiko ikasle guztiek aprobatu zuten. 

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!