Oñatin ikasi duten 65 gaztek unibertsitatera sartzeko azterketak izango dituzte bihartik aurrera

2017/06/06
Card image cap
Ostiral eguerdira arte luzatuko diren probak Eibarren egingo dituzte

  Txantxiku ikastola eta Zuazola-Larraña institutukoek 31. epai mahaiari dagokion aretoan egingo dituzte azterketak eta Elkar Hezikoek berriz, 32. epai mahaiari dagokionean. Baina guztiak Eibarko ingeniaritza eskolan. Oñatitik-Eibarra joan-etorria egiteko eta arratsaldean azterketarik ez badute eguerdian itzultzeko, autobusa antolatu da guztientzat. Izan ere, selektibitateko azterketak bihar eta etzi goiz eta arratsaldez eta ostiral goizean egingo baitira. Baina ikasle denek ez dituzte froga guztiak egin behar. Aurten gainera, nobedadeak daude alde horretatik, komunak diren eta ondorioz derrigorrez egin behar diren hainbat ikasgai, espezifiko moduan ere baloratuko baitira. Beraz, ikasle asko ez dira arratsaldetako azterketa espezifikoetara aurkeztuko. Arratsaldean azterketarik ez duten ikasle horientzat autobusa izango da eguerdian Oñatira itzultzeko. Herriko ikastetxeek propio antolatutako autobusak izango dira, esan bezala. Eibarra joateko Postetxe aurrealdeko geltokitik irtengo da autobusa: bihar, 7:45tan eta ostegun eta ostiralean berriz, 8:00tan. Eguerdikoa, 13.00tan irtengo da Eibartik.

  Unibertsitaterako sarbide proba egitera doazen oñatiarrak, 65 dira guztira:  34 Txantxiku ikastolakoak, 23 Elkar Hezikoak eta 8 Zuazola-Larraña institutukoak. Guztiek, bihar 8:45tarako dagokien aretoan egon beharko dute nortasun agiriarekin eta matrikula ordain agiriarekin.

  Aurten selektibitate azterketak nolakoak izango ziren zalantzan egon da orain dela hilabete gutxira arte. Errebalidako azterketek ordezkatuko zutela esan zen baina Uriarte sailburuak ezeztatu egin zuen iazko kurtso amaieran. Hala ere, zein material eta gai sartuko zirela zehaztu gabe hasi zen ikasturtea eta kasik urtarrilera arte ez zen argitu. Aldaketa esanguratsu bat izango da aurten, lehen aipatu bezala, zenbait gai komun ikasgai espezifiko moduan ere baloratuko direla, euskara edota ingelesa kasu. Horrek notetan zenbat eragingo duen datorren astean jakingo da azterketen emaitzak kaleratzen direnean. Ekaineko deialdira aurkezten diren gehiengo zabal batek proba gainditzen du. Iaz esaterako Oñatiko ikasle guztiek aprobatu zuten. Ea aurten ere beste horrenbeste esateko aukera dugun. Ekaineko deialdian aprobatzen ez duenak, edo batxilergoko ikasgairen bat oraindik gainditzeko duenak hurrengo aukera, uztailaren 5, 6 eta 7an izango du.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!