Oñatiko ikastetxeetan ikasi duten 64 gaztek unibertsitatera sartzeko azterketak izango dituzte bihartik aurrera

2015/06/09
Card image cap
Ostiral eguerdira arte luzatuko diren proba hauek Eibarren egingo dituzte Oñatiko ikasleek

  Txanxiku Ikastolakoek 31. epai mahaiari dagokion aretoan egingo dituzte selektibitateko azterketak eta Zuazola-Larraña institutua eta Elkar Hezikoek berriz, 32. epai mahaiari dagokionean. Guztiek Eibarren. Oñatitik-Eibarra joan etorria egiteko eta arratsaldean azterketarik ez badute eguerdian itzultzeko, autobusa antolatu da. Izan ere, selektibitateko azterketak bihar eta etzi goiz eta arratsaldez eta ostiral goizean egingo baitira. Baina ikasle denek ez dituzte froga guztiak egin behar. Bihar eta ostiral goizekoak fase orokorrari dagozkion azterketak izaki, ikasle guztientzat komunak izango dira eta bihar arratsaldean eta ostegunean berriz, fase espezifikoari dagozkionak. Horretxegatik, gerta liteke ikasleren batek arratsaldean azterketarik ez eta Oñatira itzuli nahi izatea. Horretarako, herriko ikastetxeek propio antolatutako autobusa izango du. Eibarra joateko autobusa Postetxe aurrealdeko geltokitik irtengo da: bihar, 7.45tan eta ostegun eta ostiralean berriz, 8.00etan. Eguerdikoa, 12.50tan irtengo da Eibartik, eta arratsaldekoa 18.50tan.

  Unibertsitaterako sarbide proba egitera doazen oñatiarrak, 64 dira guztira:  36 Txantxiku ikastolakoak dira, 20 Elkar Hezikoak eta 8 Zuazola-Larraña institutukoak. Guztiek, bihar goizeko 8.45etarako dagokien aretoan egon beharko dute Nortasun Agiriarekin eta matrikula ordain agiriarekin.

  2010ean martxan jarri zen selektibitate ereduak nota igotzeko azterketa bereziak egiteko aukera ematen die ikasleei. Unibertsitatean ikasi nahi denaren arabera, eta horretarako gutxieneko nota bat lortu beharraren arabera, ikasleak gai espezifikoen azterketak egin ala ez aukeratu dezake.

  Ekaineko deialdira aurkezten diren gehiengo zabal batek proba gainditzen du. Iaz esaterako denek aprobatu zuten. Baina aste honetako azterketaldia aprobatzen ez duenak, edo batxilergoko ikasgairen bat oraindik gainditzeko duenak uztailaren 8, 9 eta 10ean izango du selektibitateko ez ohiko deialdia.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!