Oñatiko hiru botikek bat egin dute diabetesaren arriskua antzemateko kanpainarekin

2017/01/31
2 motako diabetesa antzemateko doako testak egiten ari dira

  Ekainera bitartean luzatuko den prebentzio kanpaina hau, 40 urtetik gorako herritarrei zein arrisku faktoreak dituzten 25 urtetik gorakoei zuzenduta dago. Arrisku faktoretzat hartzen dira aurrekari familiarrak, gainpisua, ariketa fisikorik ez egitea edota tentsio altua izatea, besteak beste.

  Gipuzkoako Farmazeutikoen Elkargoak babesten duen kanpaina berezi honetan herrialdeko 119 botikek parte hartzen dute, tartean Oñatiko hiruk: Anduaga, Garate eta Juldainek. Igartua botika ekimen honetatik kanpo geratu da, aurrez antzerako ekintza bat burutu zuelako.

  2 motako diabetesa antzemateko programa doakoa da. Interesa duen herritarrak egitasmora atxikitako botikaren batera joanda testa egitea eskatu behar du. Hasierako proba horixe baita, galdetegi labur bat; herritarrari duen pisuaz eta neurriaz galdetuko zaio eta dituen bizitza ohiturez ere bai. Horren arabera puntuazio bat aterako da eta hala 2 motako diabetesa izateko arrisku maila zehaztu ahal izango da. Altua ez bada, osasuntsu mantentzeko bizi ohitura eta neurri higieniko-dietetiko batzuk zehazten dituen esku-orria emango zaio. Galdetegian puntuazio altua ateratzen duten herritarrei berriz, glukosa neurtzeko proba egiteko hitzordua emango zaie hurrengo goizerako, halakoa baraurik egin behar baita. Eta bigarren test horren arabera, bizitza ohiturak hobetzeko aholkuak soilik emango zaizkio edota medikura bideratuko da.

  Diabetesa gaixotasun isil moduan kalifikatzen dute sendagileek. Urteak eman daitezke sintoma berezirik sentitu gabe nahiz eta gaixorik egon. Baina kontrolatzea komeni da ondorio larriak eragin ditzakelako. Horregatik, Gipuzkoako Farmazeutikoen Elkargoak 2 motako diabetesaren arriskua antzemateko programa hau jarri du martxan ekainera arte.

Iturria: Oñati Irratia

Kanpainara atxikitako botiketan jarri den kartela