Oñatiko Hirigintza Plan Orokorreko Aurrerapen faseko lan-tailerra egingo da astelehenean, herritar guztiei irekia

2019/12/05
Card image cap
Aurrerapen fasea momentu klabea da Plan Orokorraren idazkete prozesuan

  Etorkizuneko Oñati nolakoa izango den markatuko duen HAPO edo Hirigintza Plan Orokorra idazteari ekin zion udalak iaz, hainbat elkarte, eragile eta herritarrez osatutako Aholku Kontseiluaren laguntzarekin. Lehen fasean udalerriko diagnostikoa egin zen, herritarrei irekitako parte hartze saioetan jasotako ekarpenak bildu ondoren. Lurralde eta ingurune fisikoaren, biztanleriaren, hiri esparruaren eta egungo planaren garapenaren ezaugarriak ikusi ziren eta udalaz gaindiko araudiak aplikagarriak ote diren aztertu zen.

  Diagnostikoa eginda Aurrerapen faseari ekin zitzaion. Aurrerapen fasean Plan Orokorreko dokumentua izango den horretan kontutan hartzeko orientabideak zehazten dira, hau da, hirigintzako eta antolamenduko irizpide, helburuak eta soluzio orokorren balizko aukera edo alternatibak. Aurrerapen fasea momentu klabea da Plan Orokorraren idazketa prozesuan, bertan zehazten baitira orientabide nagusiak eta lurralde ereduaren gaineko erabaki potoloenak.

  Ekainean eman zitzaion hasiera fase honi, erakusketa eta tailer banarekin. Orduko emaitzak kontuan hartuz, hainbat alternatiba edo aukera landu ditu Planaren idazketa taldeak, eta horiek herritarrei aurkeztu nahi dizkie udalak, Oñatirako egokiena hautatzen laguntzeko. Horixe da astelehenean, abenduaren 9an  egingo den tailerraren helburua. Herritar guztioi irekitako batzarra Euskaldun Berria gelan egingo da, 18:15etan hasita.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!