Oñatiko udala

Oñatiko Hezkuntza Mahaia martxan da.

2012/03/12
Gai konkretuak landu eta gauzatzeko asmoz, hiru eztabaida eta lan talde eratzea erabaki da: eskolabusa, gurasoei zuzendutako hitzaldiak eta euskara eta euskal kultura landuko dutenak.

  Udala ikastetxeekin elkar lanean hainbat proiektu bateratu aurrera ateratzeko helburuz, Oñatiko Hezkuntza Mahaia eratzeko ideia azaldu zien eskoletako arduradunei pasa den otsailean egindako bileran. Udalak bere aldetik egindako oinarrizko diagnostikoa aurkeztu zitzaien eta balizko Hezkuntza Mahai honek landu ahal izango lituzkeen gai batzuk planteatu ziren. Ikastetxe ordezkariei, bileran esandakoa eskoletara eraman eta barruko hausnarketa egiteko 3 asteko epea eman zitzaien eta ostegunean udal eta ikastetxeetako ordezkarien bilera berria egin zen.

  Derrigorrezko hezkuntza eskaintzen duten herriko eskola guztiak Hezkuntza Mahai horretan parte hartzeari baiezkoa eman zioten. Alde horretatik, udal ordezkariak oso pozik agertu ziren, elkarlanerako interes handia agertu delako. Eta egitasmoa ahalik eta efektiboena izan dadin, mahai bakarra ez baizik eta hiru eztabaida-mahai eratzea erabaki zen. Bakoitzean, gai eta proiektu ezberdin bat landuko da.

  Premia handienaz lanean hasiko dena EUSKARA ETA EUSKAL KULTURA gaia jorratuko duena da. Premia handienaz diogu, datorren irailerako, herriko ikasleen artean banatuko den eskola agenda bat sortzea dutelako helburu. Herriko agenda honetan, oñatierak leku berezia izango du eta herriko historia eta pasadizoei erreferentzia egingo zaio. Azaroan eta abenduan, hezkuntza eta euskara herrijorran egitasmoak beteko direnez, talde honek, hilabete berezi horietan egin daitezkeen ekintzak ere landuko ditu. Eta bitartean, oñatieraren erabilera eta hutsuneak jasoz halako diagnostiko moduko bat osatuko da.
Talde honen lehen lana, irailerako gertu egon beharko dela kontutan hartuta, partaideak 2-3 astean behin biltzen hasiko dira.

  Ikasturte berrirako, gurasoei zuzendutako hitzaldi eskaintza bateratua ere prestatu asmo da. Hau, bigarren lan talde baten helburua izango da. Asmoa, hasiera batetan behintzat, lehen hezkuntzarako eta DBH eta batxilergoko ikasleen gurasoei zuzenduta, urtean pare bat hitzaldi adostea da. Talde honek, hilean behineko maiztasunez lan egingo du hasieran.

  Eta Hezkuntza mailan eratuko den hirugarren taldea ESKOLABUSaren gaia landuko duena da. Helburua, herriko ikastetxe guztiei aldi berean zerbitzua emango dien autobusaren proiektua aurrera ateratzea da. Horretarako, ordutegiak, ibilbideak, haur kopuruak eta abar kontutan hartu behar dira eta guztien beharrak koordinatu behar dira. Kasu honetan ere, ahal dela, autobus zerbitzu bateratua, 2012-2013 ikasturtean martxan jarri asmo da. Hori gauzatzeko lan taldea, bi hilean behin elkartzekotan geratu da.

  Lan taldeak nola, zertarako eta zein maiztasunaz bildu zehaztuta dago baina partaideak izendatzea falta da. Udalak, talde bakoitzean parte hartuko duten tekniko eta zinegotziak zehaztu ditu baina ikastetxetako ordezkariak izendatzea falta da. Horretarako Aste Santua bitarteko epea jarri da, behin oporrak pasata lanari ekiteko.    

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!