Oñatiko herri curriculuma landu eta garatzeaz arduratzeko teknikaria kontratatuko du Topaguneak

2016/11/21
Card image cap
Euskaltzaleen Topaguneari esleitu dio Udalak, herri curriculuma proiektuaren kudeaketa

  Herri curriculuma egitasmoaren helburua, belaunaldiz belaunaldi Oñatiko historia eta ondarearen transmisioa egitea da, horretarako, adin ezberdinetara egokitutako material didaktikoa landuko da. Orain kontratatu nahi den teknikariak, lan horren ardura izango du. Lehen Hezkuntzako lehenengo ziklorako ikas materiala sortu beharko du, ikasturte bakoitzerako ikas unitate bat eginez. Aldi berean, proiektua sozializatu beharko du, programan parte hartuko duten herritarrekin harremanak izanez, eta lanen koordinazio eta jarraipena eginez. Gainera, programari dagozkion txosten, memoria eta gainerako bildumak osatu beharko ditu.

  Oñatiko herri curriculuma lantzeko egitasmoa Euskaltzaleen Topagunearen esku utzi du Udalak, eta elkarteak proiektuaren arduradun teknikaria kontratatzeko deialdia kaleratu berri du.
Lanpostura aurkeztu ahal izateko unibertsitateko erdi mailako edo goi mailako ikasketak izatea eskatzen da. Titulazio ezberdinen artean, proiektuaren gaiarekin erlazioa duten arloak lehenetsiko dira, magisteritza dela, pedagogia edo antzerakoak.

  Hezkuntza formaleko ikasmaterialak antolatu, sortu edo ekoizten eskarmentua izatea eskatzen da eta egitasmoaren komunikazioaren diseinu, koordinazio eta kudeaketa lanetan ezagutza eta eskarmentua izatera ere bai. Euskara ondo menperatzea, harreman pertsonaletarako gaitasuna izatea eta taldeak dinamizatu eta koordinatzen gaitasuna izatea eskatzen da.

  Oñatiarra izan edota Oñati herriaren gaineko ezagutza zabala izatea baloratuko da. Herriko ondarearen inguruko ikuspegi orokorra izatea, pertsona dinamiko eta autonomoa izatea, erabakiak hartzeko gaitasuna, ofimatika programak eta teknologia berriak erabiltzeko trebetasuna eta gidatzeko karneta eta autoa izatea ere baloratuko dira.

  Euskaltzaleen Topaguneak bere aldetik, lana osatzeko, lanaldi erdiko jarduna beteaz bi urteko kontratua eskaintzen du. Hasiera batetan, kontratu laburragoa egingo da eta lehenengo hiru hilabeteen ostean egindako lana baloratuta, jarraipenerako aukera aztertuko da. Esan bezala, lana bi urteren buruan amaitzea aurre ikusten da. Hasi, teknikari berria lanean, urtarrilaren 9an hasiko da. Horretarako, bitartean, hautaketa prozesua burutuko du Euskaltzaleen Topaguneak.

  Oñatiko herri curriculuma landu eta garatzeaz arduratuko den teknikaria kudeatzaile lanpostu honetara aurkezteko, curriculuma bidali behar da abenduaren 7a baino lehen. Curriculumak Topagunera bidali behar dira, honako helbide elektronikora: kudeaketa@topagunea.org
Aurkezten diren lagunen artean lehen aukeraketa bat egingo da eta hautagaiekin elkarrizketak egingo dira abenduaren 12tik 16a bitartean.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!