Oñatiko Gure Esku Dagok Herritarron ituna eta ekainaren 10eko giza katea aurkeztu zituen atzo

2018/03/14
Card image cap
Giza katean, Altube mendatean, 2 kilometro betetzea da oñatiarren erronka

  2018a Herritarron itunaren urtea da Gure Esku Dago taldearentzat. Itun horretan arrazoiak batuko dira, erabakitzeko arrazoiak. Herritarron ituna garatzen ari den egitasmoa da, lehen fasean, Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan beste horrenbeste mahai inguru egin dira, kultura, ongizatea, gure lurra eta herritartasuna gaiak landuz. Baina hurrengo fasean, eztabaida, herrietara eta norbanako bakoitzarengana eraman nahi da. Hala, Oñatin, apirilean zehar erabakitzeko arrazoiak biltzeko mintegi irekiak egingo dira eta maiatzean berriz, KLIK Eguna ospatuko da arrazoien bilketa kalera ateratzeko. Aldi berean ekainaren 10ean egin asmo den giza katerako herria girotu asmo da.

  2014an bezala, giza katea egingo da aurten ere, baina urrats garrantzitsua emanez, 123 Km-koa izan zena 201 Km-ko giza kate bihurtuko baita. Donostia-Bilbo eta Gasteiz elkar lotuko dituen giza kate hau, herri eta hiriburuetatik eraman asmo da. Euskal Autonomia Erkidegoko hiriburuak batuko dituen giza katea antolatu da, Nafarroa eta Iparraldeko taldeen eta gizartearen erritmoak errespetatu nahi direlako. Zentzu horretan, Nafarroan, giza katearen aurretik beste ekimen bat egingo dutela aurreratu zen atzoko aurkezpenean. Hala ere, ekainaren 10eko giza katea euskal herritar guztiei irekita egongo dela azpimarratu zen.

  Oñatiarrek 2 kilometro betetzeko erronka dute oraingoan, eta aurrekoan baino urrunago, Altube mendate inguruan. 187 eta 188. kilomteroak betetzeko 1000 lagun beharko direla argitu zen atzoko aurkezpenean. Autobusak antolatuko dira baina aurretik, izen emate txartela bete beharko da. Horiek, egun gutxi barru jarriko dira herritarren eskura. Izena emanda giza katera joateko konpromisoa hartzen dela adieraziko da, 5 € ordainduko dira eta erabakitzeko arrazoi edo zergatiak idazteko zapia jasoko da. Zapi horiek giza katera eramatea eskatzen da. Izan ere, aurtengo giza katea elkarri eskua emanda egotetik haratago joango dela aipatu baitzen atzoko aurkezpenean, arrazoiz betetako giza katea izango baita.

  Herririk herri batuko diren arrazoi guztiak ekainaren 10ean Eusko Legebiltzarrean entregatuko dira, giza katea, Gasteizen Legebiltzarraren parean amaituko baita.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!