Oñatiko Ganbara Abesbatzak "Ez Dok Amairu" omentzeko kontzertu berezian parte hartuko du azaroaren 27an

2016/11/21
Card image cap

  Euskal Kantagintza Berriaren baitan sortu zen Ez Dok Amairu izeneko mugimendu kultural berritzaileak 50 urte bete ditu. Efemeride hori dela eta, Eresbilek, Donostia 2016 hiriburutzarekin elkarlanean, kontzertu berezia antolatu du azaroaren 27rako. Talde berezi haren hamabi kanta berreskuratu dira koruek abesteko egokituz. Ez Dok 13. Hitzez hitz izeneko kontzertuan hainbat abesbatzek parte hartuko dute, Ez dok Amairu taldearen eta garaiaren  espiritua berriro taularatuz. Kontzertua Musikaste jaialdian estreinatu zen. Datorren igandekoa beraz, bigarren emanaldia izango da.

  Oñatiko Ganbara Abesbatzarekin batera, Durangoko Bogoroditsie Abesbatza, Coral de Camara de Navarra de Pamplona eta Errenteriako Landarbaso abesbatzak parte hartuko dute. Bakoitzak hiru abesti interpretatuko ditu eta hamairugarren abesti sinbolikoa, Iñaki Salvador piano-jotzailearen eskutik etorriko da. Abestuko diren kantak,  Ez Dok Amairu mugimenduan esanguratsuak izan ziren abestiak dira. Xabier Lete, Benito Lertxundi edota Mikel Laboak ezagun egin zituzten doinuak.  

  Azaroaren 27an, 12:00etan Musikeneko auditorioan eskainiko den kontzertu berezi honen sarrerak 3 eurotan salduko dira.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!