Oñatiko biztanle kopuruak behera egin du azken urtean

2018/01/12
Urtarrilaren 1ean 11.346 lagun zeuden Oñatin erroldatuta, orain urtebete baino 48 gutxiago

  Udaletxean, errolda datuak berritzeaz arduratzen den zerbitzuan eskuratu ditugun datuak dira aipatutakoak. Ez dira datu ofizialak, horiek Estatistiken Institutu Nazionalak ematen baititu. Baina jakinarazpen ofizialak oso atzeratuta iristen dira; 2017ko urtarrilaren 1eko errolda datua pasa den hilean jakinarazi zen. Hori hala izaki, eta erroldari dagokion edozein aldaketa egiteko udal bulegoetara jo behar dela kontutan hartuta, bertatik jaso ditugun datuak ontzat eman daitezke, nahiz eta gora behera txikiren bat egon litekeen.

  Bukatu berri den urtean 70 haur jaioberri erroldatu dira Oñatin. 2004az geroztik, urtean jaiotakoen kopurua ehun haur baino gehiago izan da kasik urtero. Araua 2014an ez zen bete, 78 neska mutiko bakarrik jaio zirelako, eta iaz ere 100dik urrun geratu zen haur jaioberrien kopurura, 70 soilik izan zirelako. Txanponaren bestaldean iaz hildakoen kopurua dago. Oñatin erroldatuta zeuden 133 lagun hil ziren iaz. Jaiotza eta heriotza kopuruen aldea beraz, 63 lagunekoa da, 63 lagun gutxiago 2018. honen hasieran. Urtean izandako jaiotza eta heriotzen arteko fluxua iaz negatiboa izan zen arren, eta erroldatuen kopuruak ere behera egin zuen arren, aldea ez da hain handia, guztira, 48 bizilagun galdu baitziren iaz Oñatin. Horrek esanahi du, kanpotik herrira bizitzera jende berria etorri zela.

  2005etik herriko biztanle kopuruak pitinka gorantz egin du urtetik urtera. Baina azken urteetan joera bitan irauli da, 2015ean eta iaz. 11400 biztanletara iristeko puntuan egon zen Oñati 2017an, 11.394 lagun baitzeuden erroldatuta urtarrilaren 1ean, baina iritsi ordez kopuru borobil horretatik urrundu da, aurtengo urtarrilaren 1ean, 11.346 biztanle zeudelako Oñatin erroldatuta. Horietatik 5.734 emakumeak ziren eta 5.612 gizakumeak.

  Aipatutakoak, esan bezala, ez dira datu ofizialak, horiek INEk ematen baititu baina 2018ko urte hasierari dagozkionak urte akaberan jakinaraziko dira.

Iturria: Oñati Irratia