Oñatiko biztanle kopuruak 11.500 laguneko langa gainditu du

2020/01/09
Urtarrilaren 1eko dataz 11.510 lagun geunden Oñatin erroldatuta, orain urtebete baino 130 gehiago

  Udaletxean, errolda datuak berritzeaz arduratzen den zerbitzuan eskuratu ditugun datuak dira aipatutakoak. Ez dira datu ofizialak, horiek Estatistiken Institutu Nazionalak ematen baititu. Baina jakinarazpen ofizialak oso atzeratuta iristen dira; 2019ko urtarrilaren 1eko errolda datua pasa den hilean argitaratu zen eta urtarrileko Osoko Bilkuran onartuko da. Hori hala izaki, eta edozein errolda-aldaketa egiteko udal bulegoetara jo behar dela kontutan hartuta, bertatik jasotako datuak ontzat eman daitezke, nahiz eta gora behera txikiren bat egon litekeen.

  Bukatu berri den urtean 93 haur jaioberri erroldatu dira Oñatin. Hainbat urtetan jaiotakoen kopurua ehun haur baino gehiago izan da gurean baina azken hiru urtetan ez da kopuru horretara iritsi. Txanponaren bestaldean hildakoen kopurua dago. 2019. urtean zehar Oñatin erroldatuta zeuden 107 lagun hil ziren. Jaiotza eta heriotza kopuruen aldea beraz, 14 lagunekoa izan zen, 14 lagun gutxiago 2020. honen hasieran. Urtean izandako jaiotza eta heriotzen arteko fluxua negatiboa izan arren, erroldatuen kopuruak gora egin zuen iaz, guztira 130 bizilagun gehiago baitzeuden urte hasieran Oñatin. Horrek esanahi du, kanpotik gurera bizitzera jende berria etorri dela.

  2005etik herriko biztanle kopuruak pitinka gorantz egin du urtetik urtera. Joera bitan irauli da azken urteetan, 2014an eta 2017an, hain zuzen. Iaz dena den, aurreko  urteko joerari eutsiz gorantz jarraitu zuen Oñatin erroldatutakoen kopuruak, 11.500 biztanleen langa apurtuz, gainera.

  Urte hasieran, urtarrilaren 1ean, Oñatin erroldatutakoak 11.510 ziren. Horietatik 5.848 emakumeak ziren eta 5.662 gizakumeak. Baina aipatutakoak ez dira datu ofizialak, esan bezala. Horiek INEk ematen ditu baina 2020ko urte hasierari dagozkionak, urte akaberan jakinaraziko dira.

Iturria: Oñati Irratia