Oñatiko biztanle kopuruak 11.400 laguneko langa gainditu du

2019/01/10
Urtarrilaren 1eko dataz 11.407 lagun geunden Oñatin erroldatuta, orain urtebete baino 62 gehiago

  Udaletxean, errolda datuak berritzeaz arduratzen den zerbitzuan eskuratu ditugun datuak dira aipatutakoak. Ez dira datu ofizialak, horiek Estatistiken Institutu Nazionalak ematen baititu. Baina jakinarazpen ofizialak oso atzeratuta iristen dira. Pentsa, 2018ko urtarrilaren 1eko errolda datua pasa den hilean jakinarazi zen. Hori hala izaki eta erroldari dagokion edozein aldaketa egiteko udal bulegoetara jo behar dela kontutan hartuta, bertatik jaso ditugun datuak ontzat eman genitzake, nahiz eta gora behera txikiren bat egon litekeen.

  Bukatu berri dugun urtean 88 haur jaioberri erroldatu dira Oñatin. Hainbat urtetan jaiotakoen kopurua ehun haur baino gehiago izan da gurean baina azken bi urtetan ez da kopuru horretara iritsi. Iaz ere, 100etik urrun geratu zen haur jaioberrien kopurura, 88 soilik izan zirelako, esan bezala.  Txanponaren bestaldean hildakoen kopurua dugu. 2018. urtean zehar Oñatin erroldatuta zeuden 119 lagun hil ziren. Jaiotza eta heriotza kopuruen aldea beraz, 31 lagunekoa izan zen, 31 lagun gutxiago 2019. honen hasieran. Urtean izandako jaiotza eta heriotzen arteko fluxua iaz negatiboa izan zen arren, erroldatuen kopuruak gora egin du, guztira 62 bizilagun gehiago baitaude urte hasieran Oñatin. Horrek esanahi du, kanpotik gurera bizitzera jende berria etorri dela.

  2005etik herriko biztanle kopuruak pitinka gorantz egin du urtetik urtera. Baina azken urteetan joera bitan irauli da, 2014an eta 2017an. Iaz dena den, aurreko  urteko joera irauli zen eta gorantz egin zuen berriro Oñatin erroldatutakoen kopuruak. Urte hasieran, urtarrilaren 1ean Oñatin erroldatutakoak 11407 ziren. Horietatik 5.775 emakumeak ziren eta 5.632 gizakumeak. Baina aipatutakoak, esan bezala, ez dira datu ofizialak, horiek INEk ematen baititu baina 2019ko urte hasierari dagozkionak, urte akaberan jakinaraziko dira.

Iturria: Oñati Irratia