Oñatiko bi taldek parte hartuko dute Gipuzkoako Herriarteko Bertsolari Txapelketan

2017/01/30
Card image cap
Txinparta 2 taldeak ostiralean Zarautzen kantatuko du eta Txinparta 1ek, otsailaren 11an Oinarri elkartean

  Gipuzkoako Herriartekoa taldekako bertsolari txapelketa izango da, otsailean hasi eta maiatzaren 27an Azpeitian amaituko da. Herriartekoarekin, Gipuzkoako herrietako bertso mugimendua bultzatu, indarberritu eta ikusarazi nahi da. Parte hartzaile guztien txapelketa izango da, lehia baino gehiago, gozamena ardatz izango duena, antolatzaileen hitzetan. Eta guztiaren oinarria auzolana izango dela azpimarratu da. 

  Guztira, 38 taldek eman dute izena, tartean, Oñatiko bik. Taldeek, gutxienez sei partaide dituzte: hiru bertsolari, gai jartzailea, epailea eta taldeko ordezkaria. Oñatiko Txinparta 1 taldea Urko Egaña, Andoni Goitia eta Joseba Lasagabaster bertsolariek, Mirari Sagarzazu gai-jartzaileak, Julen Iriondo epaileak eta Iñaki Olalde ordezkariak osatzen dute. Txinparta 2 taldea berriz, Gontzal Belategi eta Urko eta Maider Arregi anai-arreba bertsolariek, Egoitz Atxaga gai-jartzaileak, Beñat Alberdi epaileak eta Xabier Igartua ordezkariak.

  Herriartekoak lau fase izango ditu. Asteburu honetan hasi eta martxoaren 12ra arte luzatuko den lehen fasean, taldeak 12 multzotan banatu dira. Multzo bakoitzetik talde bakarra sailkatuko da hurrengo fasera . Lehen sailkapen honetan, multzoko taldeak binaka lehiatuko dira formatu ezberdineko saioak eginez. Txinparta 1 taldea, Zarautzeko Ran rober ran eta Zizurkil- Asteasu Karidadeko benta taldeekin neurtuko da eta Txinparta 2, Oiartzungo Martzelina eta Urretxu-Zumarragako Potoshop taldeekin.

  Txinparta 2k ostiralean bertan Zarauzko Txiki polit tabernan kantatuko du. 19:30tan hasiko den saiorako autobusa antolatu da Oñatitik. Izena eman nahi duenak o.bertsoeskola@gmail.com helbidera mezua bidali behar du edo telefonoz deitu, 670023267 zenbakira. Oñatin izango den lehen saioa, otsailaren 11an eta bertso afari gisa egingo dute Txinparta 1 eta Martzelina taldeek. Bertso afari hori Oinarri elkartean izango da eta txartelak Txokolateixian salduko dira, 12€tan. Txinparta 1 taldearen bigarren saioa, martxoaren 11an Zumarragako Amalur elkartean izango da Potoshop taldearen kontra. Eta Txinparta 2 taldearen etxekoa, martxoaren 12an jokatuko da Karidadeko benta taldearen kontra Pako tabernan. Kasu honetan sarrera doan izango da.

  Herriarteko bertsolari txapelketako bigarren fasea martxoaren 23tik apirilaren 9ra jokatuko da, finalaurrekoak maiatzaren 6 eta 13an eta finala berriz, maiatzaren 27an Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!