Oñatiko 28 kantoral eta kodize bat digitalizatu dira, edukia babestu eta hedatzeko helburuz

2020/01/28
XV eta XX. mende arteko liburuak dira

  Bidaurreta eta Santa Anako komentuetan, Arantzazuko Santutegian, Araotzeko parrokian eta Oñatiko parrokiakoa den arren, egun Donostiako Elizbarrutiko Artxibategian gordetzen diren 29 liburu dira digitalizatu direnak. XV. mendetik eta XXra bitartean egindako kantu liburuak dira.

  Digitalizazio lanak Xabier Ugartek, Joxe Fernandezek eta Donosti Ereski Gregoriar Scholako kidea den Juanjo Iturriozek egin zituzten, iazko urtean zehar. Horrela, galzorian zegoen kultur ondare garrantzitsu hau kontserbatzea eta hedapen bidean jartzea lortu dute.

  Kantoraletan bilduta dauden gregoriar kantak, hasieran, entzunaz, belarriz ikasten ziren, baina denborarekin, liburuetan jasotzen hasi ziren. Liburu bereziak dira, oso landuak, bai material aldetik baita dituzten apaingarrien aldetik ere, eta garaiko hainbat eta hainbat artisauren balio handiko bitxi lantzat jo daitezke. Baina, inprentak ekarritako aurrerapenaren, eta, bereziki, ediziorako erraztasunen ondorioz, liburu eder hauek baztertzen joan dira, urteen poderioz. Asko pipiak janda, hezetasunez hondatuta, edota deseginda geratu dira, bere materialak panderoak edo lanparetarako tulipak egiteko aprobetxatu direlarik.

  Kultur ondasun hori gordetzeko premiak eraginda, Ugartek, Fernandezek eta Iturriozek Oñatin dauden kantoralak digitalizatzeari ekin zioten. Digitalizazioak dokumentuak babestu eta iraunarazten ditu; originala galduta ere kopia hor geratzen delako, eta originalen manipulazioak sortu ditzaken kalteak ere saihesten direlako. Lanaren hedapena ere asko errazten du eta edukia ezagutaraziz harribitxi hauek balioan jartzen dira.

  Bidaurretako komentuko hamalau liburu digitalizatu dira, XV. mendetik XXra artekoak; Santa Ana komentuko beste 11,  XVII. mendetik XX. mende hasierarainokoak; Arantzazuko santutegiko bi, Araotzeko Parrokiako beste bat eta berez, Oñatiko Mikel Goiaingeruaren Parrokiari dagokion baina Donostiako elizbarrutik artxibategian gordetzen den 1614ko kodizea. Guztiei jatorrizko dokumentuak eta digitalizatutako kopia itzuli zaie. Beste kopia bat Udal Artxiboan utziko da, interesatuen kontsultarako.

  Egin den digitalizazio lana honen berri zabaltzearekin batera, kantoralak uzten lagundu dizkietenei eskerrak publikoki eman nahi izan dizkiete Ugartek, Fernandezek eta Iturriozek. Konkretuki, Bidaurretako eta Santa Anako mojei, emandako erraztasunengatik, eta Arantzazuko Juan Inazio Larreari erakutsitako gertutasunagatik.

Iturria: Oñati Irratia

Santa Ana monastegiko liburu bat (1629)