Oñatiko 14 odol emailek elkartearen omenaldia eta saria jasoko dute larunbatean

2017/10/17
Odola, gutxienez, 25, 50 edo 75 aldiz eman dute

  Deba arroako odol emaileen urteko jaia, Eibarren ospatuko da zapatuan. Bertan, Debagoiena nahiz Debabarreneko odol emaile talde ezberdinetako ordezkariak festa giroan elkartuko dira. Eibarko Untzaga plazan elkartuta, bertan dagoen izen bereko jatetxera joango dira eta lagun arteko giroan bazkaria eta diploma eta sari banaketa egingo dute. Odola zenbat aldiz eman denaren arabera, zilar, urre eta Emaile Nagusien dominak banatuko dituzte.

  Odol emaileen jai hau urtero ospatzeak konparazioak egiteko datuak eskaintzen ditu. Hala, urtetik urtera, odola hainbat aldiz eman ondoren saritzen diren Oñatiko emaileak geroz eta gutxiago direla ikusten da. Orain sei urte esaterako, sarituak 24 izan ziren, aurten berriz, 14 besterik ez dira. Aipagarria da, hori bai, horietako bik, Odol Emaile Nagusiaren domina jasoko dutela. Halako errekonozimendu berezia jasotzeko gizonezkoei odola gutxienez 75 aldiz emana izatea eskatzen zaie. Zapatuan Oñatiko bi gizakumek jasoko dute Odol Emaile Nagusi saria: Manuel Regueirok eta Benjamin Villarrek.

  Larunbatean odol emaileen elkartearen errekonozimendua jasoko duten 14 oñatiar horietatik 9ri zilarrezko domina emango zaie, odola 25 aldiz eman dutela eskertuz, eta beste hiru gizonezkoei berriz, urrezkoa, 50 aldiz eman dutelako. Sarituko diren oñatiar gehienak gizakumeak dira aurten, 14ko zerrendan 2 emakume bakarrik baitaude. Guztiei Eibarrera joateko gonbidapena egin zaie eta bidaiarako autobusa antolatu da. Autobusa, Olakuako urmaela paretik, patuenetik, 11:30tan abiatuko da eta bidean Bergara eta beste herrietako odol emaileak hartuko ditu.

Iturria: Oñati Irratia