Oñatik ia 114.000 euro gehiago jasoko ditu 2015eko Foru Fondoaren aldeko likidazioari esker

2016/02/16
Otsailaren 25ean egingo da ordainketa

  Bigarren urtez jarraian Foru Funtsaren likidazioa positiboa izan da, hau da, udalen aldekoa. Ondorioz, Gipuzkoako udalek 2015erako hitzeman zitzaiena baino diru gehiago jasoko dute, 7.406.000 euro gehiago Foru Fondoaren likidazioari esker. Hori iazko aurrekontuetan ezarritakoa baino % 1,7 gehiago da. Banaketa pasa den ostegunean Gasteizen elkartu zen Herri-Dirubideen Euskal Kontseiluan adostu zuten hiru lurraldetako Aldundiek eta Eusko Jaurlaritzak, bertan egin baitzen 2015eko likidazioa. Udalerriek 2015eko Foru Funtsa urtean zehar jaso zuten lau ordainketetan zatitua. Urteko likidazioari dagokion ordainketa berriz, otsailaren 25ean jasoko dute.

  2015eko Foru Funtsaren likidazio kopurua era horizontalean banatuko da Gipuzkoako udaletxeen artean, bakoitzak duen pisuaren arabera jasoko duelarik. Horrela, lurraldeko udalerri nagusiei bideratuko zaizkie diru-partida handienak. Oñatik, 113.620 euro gehigarri jasoko ditu. Urrian, aurre likidazioa egin zenean jada, Udalen Finantzaketarako Foru Funtsa aurreikusitakoaren goitik egongo zela iragarri zitzaien alkateei. Orduko datuen arabera Oñatik 212.000 euro extra jaso zitzakeela aurreratu zen. Baina urteko azken hiru hilekoaren diru kontuen faltan aurre likidazioa beti zuhurtziaz hartu behar da. Oraingoan, bete ez ezik, pitin bat gehiago hazi da Udalen aldeko kontu kitatzea. Hala, Oñatiko Udalak, 2015eko Foru Fondoetatik 6.580.899 euro jaso zuen eta horri, 10 egun barru jasoko dituen 113.620 euroak batu behar zazikio.

  Ogasun eta Finantza diputatuak, Jabier Larrañagak,datuaren irakurketa baikorra egin du, udalentzako albiste ona dela nabarmenduz, baina aldi berean, zuhurtzia eskatu du, nazioarteko eszenatokian ziurgabetasuna handia delako oraindik.

  2007tik 2013ra bitartean, Foru Fondoen likidazioan udalek dirua itzuli behar izan zioten Diputazioari. Azken bi urteotan aldiz, likidazioa udalen aldekoa izan da.

Iturria: Oñati Irratia