Oñatik, biztanleria irabazten jarraitzen du.

2015/01/08
Urtarrilaren 1eko dataz, 11.296 lagun geunden Oñatin erroldatuta. Orain urtebete baino 16 gehiago. 2014an zehar 131 haur jaio dira Oñatin.

  Udaletxean, errolda datuak berritzeaz arduratzen den zerbitzuan eskuratu ahal izan ditugun datuak dira hauek. Ez dira ordea datu ofizialak, horiek estatistiken institutu nazionalak ematen baititu. Baina jakinarazpen ofizialak oso atzeratuta iristen dira. Pentsa, 2014ko urtarrilaren 1eko errolda datua, oraindik ez dira jakinarazi.

  Hori hala izaki eta erroldari dagokion edozein aldaketa egiteko udal bulegoetara jo behar dela kontutan hartuta, bertatik jaso ditugun datuak ontzat eman genitzake. Azken urteetan, gerora jakinarazitako datu ofizialekin bat etorri dira, gainera.

  Bukatu berri dugun urtean 131 haur jaioberri erroldatu dira Oñatin. Litekeena da oraindik urteko azken egunetan jaiotako beste neska mutikoren bat erroldatzea. Baina orokorrean esan genezake iaz ere 2004an hasitako joerari eusten zaiola. Hau da, urteko jaiotze tasa ehun haur baino gehiago izateari eutsi zaiola. 2013an 133 haur jaio ziren eta iaz, 131. Txanponaren bestaldean iaz hildakoen kopurua dugu. 2014.urtean zehar Oñatin erroldatuta zeuden 120 lagun hil ziren.

  Jaiotza eta heriotza kopuruen aldea beraz, 11 lagunekoa izan zen, 11 lagun gehiago 2015. honen hasieran.

  Errolda datu orokorretara jo ezkero ordea, azken urteko aldea handiagoa izan denaz ohartzen gara, 2015eko urtarrilaren lehenean, iazko egun berean baino 16 lagun gehiago baitzeuden Oñatin erroldatuta. Horrek, kanpotik gurera bizitzera lagun asko etorri direla adierazten du.

  Populazioaren alta eta baja fluxu hori positiboa gertatzen ari da azken urteotan. 2005etik hona, herriko biztanle kopuruak pitinka gorantz egiten du urtetik urtera. Eta dagoeneko, 2012an 11.200 biztanleen muga horretatik gora kasik 11.300era iritsi gara. Urtarrilaren lehenean, Oñatin 11.296 biztanle erroldatuta baitzeuden. Horietatik 5.690 emakumeak ziren eta 5.606 gizakumeak.

Iturria: Oñati irratia