Oñatiarrok, ekainaren 3tik 15era BERRIA doan jaso ahal izango dugu egunkariak UEMArekin sinatu duen hitzarmenaren babesean.

2014/05/23
Kanpainaren azalpenak eta izen emate orriak herriko etxe denetara banatuko dira.

  UEMA Udalerri Euskaldunen mankomunitatea osatzen duten herri guztietan eskainiko den aukera da hau. Helburua, euskarazko prentsaren kontsumoa sustatu eta maiatzaren 31an berrituta etorriko den BERRIA egunkaria ezagutzera ematea da.

  Udalerri euskaldunetan herritarrak nagusiki euskaraz bizi direla kontutan hartuta, hizkuntzaren ikuspegitik bereziak dira. Izan ere, funtzio garrantzitsua betetzen baitute euskararen biziraupenerako. Ekarpen ezin hobea egin dezakete gainera euskararen normalizazioan. Baina euskara normalizatuko bada, eremu guztietara zabaldu behar da baita, orain arte gaztelerak pisu nabarmena izan duen hedabideen kontsumoan ere.

  Hori bideratzeko asmoz UEMAk eta BERRIA egunkariak elkarlan hitzarmena sinatu dute. UEMAko udalerrietako herritarrek, 15 egunetan BERRIA doan jaso ahal izango dute. Helburua, datorren astean berrituko den egunkaria ezagutzera eman eta euskarazko prentsaren kontsumoa sustatzea da, lehen esan bezala.

  Guzti honen berri ematen duten informazio orriak prestatu dira eta interesa dutenek, egunkaria jasotzeko zer egin behar duten ere azaltzen da bertan. Informazio eta izen emate orriak etxez etxe, postontzietara banatuko dira, dagoeneko, gurean banatzen hasi dira. Kanpainan parte hartu nahi duenak, BERRIAko harpidetza sailera telefonoz deituz edo mezu elektronikoa bidaliz, izena eman ahal izango du. Hori eginda, ekainaren 3tik 15era BERRIA egunkaria doan jasoko du.

  Kanpaina hau, Oñatin ez ezik, UEMA osatzen duten beste 71 udalerrietan ere egingo da eta 200 mila bat herritarrengana iritsiko da. Kanpainak Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza izango du.

Iturria: Oñati irratia