Oñatiarren partaidetza bereziarekin ospatuko da Gipuzkoako 47. Artzain Txakur txapelketa Legazpin

2015/09/04
Migel Arregik eta Jose Mari Bengoak parte hartuko dute

  Legazpiko Urtatzako zelaian bilduko diren sei artzain txakurretik bi oñatiarren esanetara lehiatuko dira. Azken urteetan horretan diharduen Migel Arregik berriro parte hartuko du eta Jose Mari Bengoa estreinako aldiz arituko da. Bengoa, Oñatiko nazioarteko artzain txakur txapelketako antolakuntza taldeko arduraduna da. Besteen txakurrak lanean ikusiteak horretan ahalegintzeko gogoa sortu zion nonbait eta lehiaketa partaide izanik ezagutu ahal izango du domekan Legazpin. Gipuzkoako txapeldunak hilaren 27an Oñatin aritzeko txartela zuzenean jasoko du.

  Gipuzkoako 47. artzain txakur txapelketa Legazpiko ospakizunaren amaierako ekitaldia izango da. Goizean zehar, Gipuzkoako artzain gaztaren lehiaketa, latxa arrazako ardi eta ahari erakusketa, ardi okela gertatzearen lehiaketa, ardi mozte erakusketa eta artzainei eskainitako omenaldiak egingo baitira. Adineko artzainen omenaldian, Durun txabola duen Juan Jose Murgiondo “Aierdi” eta bere emazte Rosario Belastegi bergararrak omenduko dituzte Matxinbentako Mª Pilar Oiarzabalekin batera.

  Aipagarria da bestalde, aurtengoa Legazpin segidan ospatzen den 25. Gipuzkoako artzain eguna izaki, bertako udala ere omenduko dela. Garai hartan, artzain egunaren antolaketan Oñatirekin lotura estua duten lagunak ari ziren, tartean Gomiztegiko Nikolas Segurola eta bertan dagoen artzain eskolako buru den Batis Otaegi. Herriko artzain bat ere gogoan hartu da aurtengo saioan. Orain hilabete gutxi hil zen Azkarreta baserriko Ramon Ugarte eta bere anaia Inixiori eskerrak emanez artikulua argitaratu da artzain egunari dagokion liburuxkan.

Iturria: Oñati Irratia