Oñatiarren partaidetza berezia domekan Gipuzkoako Artzain Txakurren Txapelketan

2019/08/30
Migel Arregik eta Jose Mari Bengoak bina txakurrekin parte hartuko dute

  Legazpiko Urtazako zelaian bilduko diren zazpi artzain txakurretik lau oñatiarren esanetara lehiatuko dira, igande arratsaldean. Azkenaldian horretan diharduten Migel Arregi eta Jose Mari Bengoak bina txakur eramango dituzte.

  Azken lau urteetan Jose Mari Bengoaren Eder txakurrak irabazi du Gipuzkoako txapelketa. Igandean Legazpiko zelaian izango da berriro. Gipuzkoako txapeldunak irailaren 22an Oñatin aritzeko txartela jasoko du. Dagoeneko Araba eta Nafarroako txapelketak egin dira eta Oñatira etorriko dira Asier Bolibar eta KOBI arabarrak eta Antonio Alustiza eta JAI nafarrak. Bizkaiko artzain txakur txapelketa Mungian egingo da bihar arratsaldean. 

  Gipuzkoako 51. artzain txakur txapelketa Legazpiko igandeko ospakizunen amaierako ekitaldia izango da. Goizean zehar, Gipuzkoako artzain gaztaren lehiaketa, latxa arrazako ardi eta ahari erakusketa, ardi okela gertatzearen lehiaketa, ardi mozte erakusketa eta artzainei eskainitako omenaldiak egingo dira.

  Jose Mari Bengoa Katalunia aldean ibili da aurtengo udan; asteburuan ere Bartzelonako Castellar de n’Hugeko txapelketan Euskal Herria ordezkatzen. Bengoaren Eder txakurra bosgarren sailkatu zen.

Iturria: Oñati Irratia

Jose Mari Bengoa Katalunian