Oñati eta Bergara, Arrasate nahiz Antzuola udalerrien arteko mugaketa eta mugarriztatze lanak egiteko espedientea hastea onartu zen azken Osoko bilkuran.

2011/11/28

  AP1 autobidea egin eta gasbidea ezartzeko lanek eraginda, Oñatiko hainbat mugarri galdu edo aldatu ziren. Mugarri berrien egoera erregularizatu gabe dagoela kontutan hartuta, mugarriztatze lanak egitea komeni dela ikusi da.

  Udalak, finkatu beharreko lau mugarri gutxienez zerrendatuta dauzka. Izan ere gaia ez baita berria. 2005ean jada, mugaketa egiteko batzordea izendatu zuen udalak. Baina ordutik hona, Udal Korporazioa aldatu egin denez, erabakia berraztertu eta batzordekide berriak izendatzea komeni dela ikusi da. Eta hala egin zen azken Osoko bilkuran.

  Hiruna politiko eta arloko tekniko izendatu ziren mugaketa egiteko batzorde kide: Mikel Biain alkatera, Iosu Lizarralde hirigintzako batzordeburua eta Juan Conrado Kernstock, Auzoak eta Landa Garapen batzordekidea batetik, eta udal idazkaria, Nekazaritza-Auzoak teknikaria eta Hirigintza teknikaria bestetik.

  Hori, Oñatiko ordezkaritzan. Orain, hartutako erabakiaren berri, mugakide diren beste hiru udalei jakinaraziko zaie: Bergara, Arrasate eta antzuolari, eurek ere beren batzordea izendatu dezaten. Foru aldundiari eta mugaketak ukitzen dituen jabeei ere abian jarri den espedientearen berri emango zaie.

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!