Oñati eta Arantzazu arteko autobus zerbitzuaren udako ordutegia domekan sartuko da indarrean

2017/03/28
Zerbitzua luzatu eta Arrikrutzekin lotura indartuko da

  Apirila hastearekin batera dator Oñati eta Arantzazu arteko autobus zerbitzuaren ordutegi aldaketa. Udako ordutegia apirilaren 2an sartuko da indarrean eta lehen autobusa goizago abiatu eta azkena beranduago izango da. Oñatitik Arantzazura igotzeko lehen autobusa 7:30tan abiatuko da aurrerantzean, eta Arantzazutik berriz, 8:00tan. Zerbitzua luzatu egiten da gainera eta Arantzazura igotzeko azken autobusa18:30tan irtengo da eta Arantzazutik jaisteko azkena 19:00tan. Aipagarria da gainera, zerbitzuak eguerdian egiten zuen etena bertan behera geratuko dela domekatik aurrera. Hala, Arantzazurako autobusa, gora eta behera 12 orduz arituko da inolako etenik gabe.

  Herrigunetik Arantzazura autobusak, ordua eta erdi denean irtengo dira eta Arantzazutik orokorrean, ordua puntuan denean. Arau hori hirutan apurtuko da ordea eta Arantzazutik pitin bat beranduago irtengo dira autobusak: 12:15, 13:15 eta 17:15tan. 13:15tako autobusa eta 18:00takoa Arrikrutzeko aparkalekura sartuko dira, eta berdin egingo du  Oñatitik 10:30tan abiatzen denak. Baina Arrikrutzeko lotura indartu nahi da eta Oñatitik 15:30tan eta 16:30tan irteten diren autobusak ere Arrikrutza sartuko dira baldin eta bidaiariren batek hala eskatzen badu. Eskaera hori autobusean bertan egin beharko da.

  Oñati-Arantzazu autobus zerbitzuaren igande eta jai egunetako udako ordutegia  turismo bulegoan eskuratu daiteke jada.

Iturria: Oñati Irratia