Oñati eta Arantzazu arteko autobus zerbitzuaren udako ordutegia domekan sartuko da indarrean

2015/03/26
Oñatitik 15:30 eta 16.30tan irteten diren autobusak Arrikrutza sartuko dira baldin eta bidaiariren batek hala eskatzen badu

  Horixe da domekan martxan jarriko den udako autobus zerbitzuak izango duen berritasun nagusia. Bestelakoan, lehenago hasi eta beranduago amaituko da eta neguan, eguerdian izan dituen etenak bertan behera utziko dira.

  Asteburuan udako ordu aldaketarekin  batera dator Oñati eta Arantzazu arteko autobus zerbitzuaren ordutegia moldaketa ere. Udako ordutegia martxoaren 29an sartuko da indarrean eta lehen autobusa goizago abiatu eta azkena beranduago izango da. Oñatitik Arantzazura igotzeko lehen autobusa, goizeko 7.30etan abiatuko da  eta Arantzazutik berriz, 8etan. Zerbitzua luzatu egiten da gainera eta Arantzazura igotzeko azken autobusa, arratsaldeko 6.30tan irtengo da eta Arantzazutik jaisteko azkena, arratsaldeko 7etan.

  Aipagarria da zerbitzuak eguerdian egiten zuen etena bertan behera geratuko dela domekatik aurrera. Hala, Arantzazurako autobusa, gora eta behera 12 orduz arituko da inolako etenik gabe. Hau da, Oñatitik Arantzazura, goizeko 7.30tatik arratsaldeko 18.30etara autobusa ordu oro eta beti orduen erdietan irtengo dira. Eta Arantzazutik berriz, goizeko 8etatik arratsaldeko 7etara ere, autobusa ordura, ordu puntuetan irtengo dela. Arau hau dena den, egunean hirutan apurtuko da, eguerdiko 12ak, ordu bata eta arratsaldeko 5ak inguruan. Orduan, autobusa, eta laurden denean abiatuko da Arantzazutik.

  Eguerdiko ordu bata eta laurdenetan eta arratsaldeko 6etan Arantzazutik irteten diren autobusak,  herrirako bidean, Arrikrutz-ko aparkalekura sartuko da, baita Oñatitik goizeko 10.30tan irteten dena ere. Alde horretatik, Arrikrutzeko lotura indartu da, orain arte bi zirelako bertara sartzen ziren autobusak. Aurrerantzean, hiru izango dira eta bost ere izan daitezke. Oñatitik arratsaldeko 3.30tan eta 4.30tan abiatzen direnak ere Arrikrutza sartu ahal izango baitira baldin eta bidaiariren batek gidariari hala eskatzen badio. Eskaera, autobusean bertan egin beharko da.

  Oñati-Arantzazu autobus zerbitzuaren udako ordutegia  Turismo Bulegoan eskuratu daiteke.

 

Iturria: Oñati irratia