"Oñati dana zana" egitasmoa antolatu da herritarrak hiri plangintzen garrantziaz jabetu daitezen

2017/09/19
Card image cap
Hiri Antolaketarako Plan Orokorraren lanketan herritarrak partaide izatea lortu nahi da

  Hiri Antolaketarako Plan Orokorra idazteko lana lizitazio prozesuan dago. Interesa duten enpresek urriaren 24ra arteko epea dute proposamenak aurkezteko. Bitartean, girotze lana egingo da hiri plangintza orokorraren eta prozesuan partaide izatearen garrantzia herritarrei helarazteko. Herritarrak gaira hurbiltzeko ahalegin horretan DUNAK enpresarekin elkarlanean arituko da udala.

  Urria erdialdean hasi eta azaro amaierara arte, sei asteko iraupena izango duen egitasmoa beteko da. Oñati dana zana izenpean erakusketa  berezi bat muntatuko da Kale Barrian. Erakusketa 10-15 panelek osatuko dute eta argazkiz lagundutako planoak nagusi izango dira. 1934tik 2016ra bitartean herrian izan diren hirigintza aldaketak irudikatuko dira. 20 urteko tartea izango da plano batetik bestera eta tarte horretan onartu ziren hirigintza planak ere agirian jarriko dira, zenbateraino bete ziren ikusi ahal izateko. Oñati bere osotasunean hartuko da, herri-gunea ez ezik, auzoen bilakaera irudikatzeko planoak ere jarriko dira ikusgai. Eztabaida eta talde hausnarketa sustatze aldera hainbat banku jarriko dira, topagune berezi bat eratuz, Txokolateixia inguruko pergola aurrealdean. Girotze egitasmo honetan hiru gai nagusi landu dira: ingurumena, sozioekonomia eta hirigintza.

  Erakusketa osatuz hainbat ekintza eta ibilaldi antolatzen ari dira larunbatetarako; estalita dauden erreka bideetan barrena, herri guneko ezkutuko lorategiak erakutsiz edota espazio publikoak bisitatuz ibilaldiak egingo dira. Bitartean, DUNAK enpresako tekniko bat Kale Barriako erakusketan egongo da herritarrei argibideak ematen. Sei astez luzatuko den egitasmo honen bilduma grafikoa ere jasoko da ikus-entzunezko bat osatuz. 

  Hiri Antolaketarako Plan Orokorra (HAPO) udalak eskuartean darabilen proiekturik handiena da. Oñatik ez du halako plan orokorrik izan orain arte. Une honetan, 2004an onartutako Arau Subsidiarioak daude indarrean baina halako dokumentua HAPOa baino sinpleagoa eta kategoria baxuagokoa da. Udal taldearen egitasmoa anbiziotsua da, hainbat urteko lanketa eskatu eta derrigorrean herritarren partaidetza beharko duena. Prozesu horren aurrerapen gisa, eta herritarrak gaiak duen garrantziaz jabetu daitezen, antolatu da hilabete barru abiaraziko den girotze fasea eta Oñati dana zana izeneko egitasmoa. 

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!