Udalerritik ez ateratzea gomendatzen da eta taberna eta saltokiak 21:00etarako itxi beharko dira

2020/10/23
Card image cap
Oñati bete-betean harrapatzen dute koronabirusaren hedapena saihesteko Osasun sailak agindu dituen neurri berriek

  Larriagotzen ari den pandemia egoerari aurre egin asmoz, prebentzio neurri zorrotzagoak onartu eta argitaratu ditu Osasun sailak. Pandemiaren agerraldi epidemiologikoari eusteko zenbait neurri orokor zorroztu dira eta egoera larriena duten udalerriei eragingo dioten neurri bereziak hartu dira. Oñati berariaz aipatzen da udalerri horien zerrendan, pandemiaren intzidentzia maila handiena duten herrietako bat baita. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian gaur argitaratu diren prebentzio neurri espezifikoak hiru ataletan biltzen dira: gomendio eta neurri orokorrak eta ostalaritza eta zerbitzuetako neurriak.

  Oñatitik ez ateratzeko eta bertara ez sartzeko gomendioa eman du Jaurlaritzak, osasun arrazoiengatik, lan egiteko, ikasteko, menpekoak zaintzeko, etxera itzultzeko edo ezinbestekoa ez bada. Gainera, ezinbestekoak ez diren gizarte jarduera eta elkartze oro baztertzeko gomendioa ere egin du, elkarbizitza egonkorretakoak izan ezik. Gomendioekin batera, zenbait agindu eta debeku ere ezarri ditu. Hala, taldeko kirol jarduera guztiak etenda geratzen dira, bai instalazio itxietakoak, bai irekitakoak, lehiaketa ofizialetakoak izan ezik. Bestalde, taberna, jatetxe eta saltokiek itxita egon behar dute 21:00etatik 08:00etara, eta haur parkeak, parke publikoak eta terrazak ere ezin izango dira erabili ordu tarte horietan. Era berean, debekatuta dago ostalaritza lokaletan barran kontsumitzea eta mahaian eta eserita soilik hartu ahal izango da kontsumizioa.

  Gaur indarrean jada sartu den agindu honek 15 eguneko indarraldia izango du printzipioz, azaroaren 5a arte, alegia. Oñatin ez ezik, goizean Osasun sailaren pandemiaren intzidentzia mapan gorriz agertu eta berariaz aipatzen diren 24 herrietan ere aplikatuko dira neurri murritzaile horiek. Baina pentsatzekoa da azken orduetan, eta ondorengoetan, larrialdi maila horretara iristen diren gainontzeko herrietan ere aplikatuko direla. Gaur bertan, Arrasate eta Bergara intzidentzia handiko udalerri gisa gorriz markatu dira.

  Euskal Autonomia Erkidegoan, orokorrean, elkarte eta soziedadeak itxita mantendu beharko dira gaurtik aurrera, besterik agintzen ez den bitartean. Eta kirola bakarka egin beharko da. Egoera berria ikusita, Gipuzkoako futbol eta saskibaloi federazioek datozen bi jardunaldiak bertan behera uztea erabaki dute.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!