Oñati-Arantzazu autobus zerbitzuan neguko ordutegia domekatik aurrera

2015/10/26
Zerbitzua, eguerdian eten egingo da eta lehenago amaitu

  Bi aldaketa nagusi horiek dira, Arantzazurako domeka eta jaiegunetako autobus zerbitzuan sartuko direnak. Zerbitzuak, eguerdian, hiru orduko etena izango du. 13.30etatik 16.30etara ez da Arantzazura autobusez igotzeko zerbitzurik izango eta gauza berbera gertatuko da herrira jaisteko, 14.00etatik 17.15 bitartean. Zerbitzua, bestalde, lehenago amaituko da. Orain arteko udako ordutegian baino ordubete lehenago amaituko da. Horrela, Arantzazura igotzeko herri gunetik irtengo den azken autobusa, 17.30etan abiatuko da eta Arantzazutik jaisteko azkena, 18.00tan.

  Oñati eta Arantzazu arteko autobus zerbitzuaren ordutegi moldaketa honek ez dio eragingo Arrikrutzeko aparkalekura sartzen diren autobusei eta orain artean bezala aurrerantzean ere bi autobus sartuko dira Arrikrutzeko aparkalekura: Oñatitik Arantzazura 10.30etan irteten dena eta Arantzazutik behera, 13.15etan abiatzen dena.

  Udazken-neguko ordutegi berria, domekan, azaroaren 1ean sartuko da indarrean eta neguaren akaberara arte, 2016ko martxoaren 28ra arte mantenduko da. Beti ere, eguraldiak, elurrak bereziki, bestelako traba edo oztoporik jartzen ez badu.

Iturria: Oñati Irratia

Neguko ordutegia Arantzazuko autobus zerbitzuan