Oñati-Arantzazu arteko autobusa ordu erdiro ibiliko da bihar goizean

2020/09/08
Meza nagusia bakarrik ospatuko da 12:00tan, eliza ordubete lehenago irekiko da

  Oñati eta Arantzazu arteko domeka eta jaiegunetako autobusa bihar martxan izango da. Goizeko zerbitzua indartu egingo da eta zerbitzua ordu erdirokoa izango da 14:30ak arte. Hortik aurrera, ohikoa den orduroko maiztasunez eskainiko da. Denboraz eta pazientziaz ibiltzea gomendatu da, segurtasun neurri guztiak bete ahal izateko.

  Baina bihar ez da urteroko ospakizunik izango Arantzazun. Ama birjinaren eguna izanagatik meza nagusia soilik ospatuko da Santutegian. Ez da agintariei eskaini ohi zaien harrerarik izango, ez aurreskurik, ezta Oñatiko musika bandaren emanaldirik ere. Parrokiak antolatuta Oñatitik egiten den erromesaldia ere ez da egingo. Aurtengo osasun egoerak zuhurtziaz jokatzea eskatzen duela-eta ospakizunak murrizteko erabaki dutela adierazi zuten frantziskotarrek.

  Meza nagusia 12:00tan hasiko da, ohikoa denez, baina eliza 11:00tan irekiko da. Mugikortasun murriztua dutenek dorre handiko sarrera erabili ahal izango dute basilikara sartzeko. Musukoaren erabilera derrigorrezkoa izango da eta baita sarreran eskuak gel hidroalkoholikoz garbitzea ere. Gogoratu lekua mugatu egin dela eta meza 500 lagunek jarraitu ahal izango dutela aurrez-aurrez. Horretarako, gonbidapen txartelak doan banatzen ari dira Txokolateixan eta Arantzazuko dendan. Pertsona bakoitzak gehienez bi txartel har ditzake eta elizara sartzeko ezinbestekoak izango dira. Gonbidapen guztiak agortzen ez badira, basilikaren kanpoaldean eskuragarri jarriko dira bihar goizean.  

Iturria: Oñati Irratia