Ombudsman edo Arartekoen egoera eta etorkizuneko erronkak aztergai dira Unibertsitate Zaharrean

2017/06/08
Manuel Lezertua Arartekoak ponentzia aurkeztuko du bihar

  Arartekoa eta justizia administratiboa: promesetik betetzera izeneko mintegia hasi da gaur Lege Soziologia Institutuan. Munduan 90 herrialdeetan baino gehiagotan dago herri defendatzaile edo arartekoaren figura. Baina batzuen zein besteen eskumen eta jarduna ezberdina da. Apenas dago erakunde garrantzitsu honen zereginen inguruko literaturarik eta hutsune hori betetzeko asmoz antolatu da Unibertsitate Zaharrean hasi den mintegia.

  Tradizionalki, arartekoak, justizia administratiboa sustatu eta kontsumitzaileen eskubideak bermatu izan ditu, baina haratago doazen eskumenak ere baditu hainbat herrialdetan: auditoria administratiboak egiten ditu, legediaren konstituzionaltasuna egiaztatzeko prozesuak gidatzen ditu edota giza eskubideen defentsari dagozkion ardurak ere hartzen ditu bere gain. Konpetentzia berri hauek hartu izanak Ombudsman instituzioarekiko interesa handitu du adituen artean, nahiz eta gaia jorratzen duten ikerlariak orain arte bere aldetik ibili diren. Oñatin, Europa eta Ameriketako 22 aditu biltzea lortu da.

  Gaur hasi den mintegia hiru zutabe nagusien bueltan eratu da: Ombudsmanen ereduaren oinarriak eta XXI. mendera egokitzeko beharrak, instituzio honen gaurkotasun eta beharraren arrazoi enpirikoak eta etorkizuneko erronkak. Mintegi honen baitan Arartekoak  hitzaldia emango du bihar goizean. Unibertsitate Zaharrean, XXI. mendeko arartekoa, demokraziaren bermatzaile izeneko ponentzia egingo du ingelesez. Mintegia bera, bihar arratsaldean amaituko da. 

Iturria: Oñati Irratia

Manuel Lezertuak arartekoen inguruko mintegian parte hartuko du