Olate, Saratxo eta Arantzazuko ur jauzietako zentralaren sarrerako hoditeria zatia aldatzeko lizitaziora 14 enpresa aurkeztu dira.

2013/05/10
Gaur ireki dira udaletxean enpresek egindako eskaintza ekonomikoen plikak.

  Pasa den apirilaren 12an, lizitazio prozedurara aurkeztu diren enpresen hobekuntzak jasotzen zituzten kartazalak ireki ziren. Plika horietan, lanak egiteko udalak jarrita zuen gehienezko epea murrizteko proposamenak eta bestelako hobekuntzak aurkeztu ziren. Informazio horren balorazioa eginda, puntuazio zerrenda, herenegun argitaratu zen, eskaintza ekonomikoen plikak gaur irekiko zirela iragarriz.

  Olate, Saratxo eta Arantzazuko ur jauzietako zentralaren sarrerako hoditeria zatia aldatzeko lanak, Boslan ingeniería y consultoria etxeak egindako proiektuaren arabera egingo dira.

  Egitasmoak, ia 181 metro hodi aldatzea aurre ikusten du. Konkretuki, errematxatutako altzairuzko hoditeria zaharra 181 metroan aldatuko da. Berez, airetik jarrita dauden fortzatutako hiru hodi dira aldatuko direnak. Hodien trazatua paraleloa da eta lerrokada bakarra mantendu beharko da. Hasiera puntua lehendik aldatuta dagoen zatiaren bukaera izango da eta amaiera berriz, zentral hidroelektrikoan bertan. Lanak, lau hilabeteko epean egin beharko dira.

  Oso lan berezia eta konplexua da egin behar dena, kontutan hartuta, aldatuko diren hodiak pendiz handiko lekuetan daudela eta bertaraino iristeko biderik ez dagoela. Beraz, garraio eta muntaketa bide alternatiboak erabili beharko dira.

  Guzti horrek, erabiliko den material bereziarekin batera aurrekontua garestitzen du. Lanetarako lizitazio prezioa 400 mila euro gehi BEZa da. Enpresek, hortik beherako proposamenak aurkeztu beharko dituzte, eskaintza ekonomiko merkeena egiten duena bereziki baloratuko baita. Lana esleitzerakoan, eskaintza ekonomikoak, 10 puntutik 9 eskuratzeko aukera emango du. Une honetan, hain justu, eskaintza ekonomiko horiek ezagutzen eta baloratzen arituko dira hartarako propio osatu den kontratazio mahaiko kideak.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!