Olapotoko anfibioen putzuan kalteak eragin direla salatu du Oñatiko Naturzaliak taldeak

2019/07/30
Ingurua txukun mantentzeko errespetua eta kontzientziazioa eskatu dute

  Oñatiko Naturzaliak taldeak idatzia zabaldu du Olapoton anfibioentzat egokitu zen putzuak jasan dituen kalteak salatuz. Kalteak behin baino gehiagotan izan direla azaltzen da. Hesia eta zuhaitzak margotu; inguruko enbor, maratila eta  harriak putzura bota; botilak, brikak, goxoki poltsak eta edalontziak barreiatu edota putzuko lurreko estalki babeslea indarrez kentzen saiatu direla zehazten da idatzian.

  Era honetako ekintza zentzugabeek bertako bizidunengan eragiten dituzten kalteak bistakoak direla diote Oñatiko Naturzaliak taldekoek, putzua hainbat espezieren bizitokia delako. Adibide gisa, baso igel gorria eta uhandre palmatua bertan ugaltzen direla aipatzen da oharrean.

  Inguruan eragindako kalte hauek salatzeaz bat, halakorik ez errepikatzeko eskatzen du talde naturzaleak. Eta ingurua txukun eta bere horretan mantentzeko errespetua eta kontzientziazioa eskatzen diete herritarrei.

Iturria: Oñati Irratia