Olakua tabernan lapurrak sartu dira bart eta joko makinako dirua eraman dute

2017/04/11
Card image cap
Orain bizpahiru aste Artxubi tabernan ere lapurreta izan zuten

  Olakua tabernan lapurreta ugari izan dituzte. Iazko irailean ere lapurrak sartu ziren eta azken urteetako ahalegin guztiak kontutan hartuta, 13 bat aldiz saiatu dira edo lortu dute tabernara sartu eta lapurreta egitea bertako arduradunak esan digunez. Azkena, esan bezala, bart gauean. Olakua 9 eraikinaren aurrealdera ematen duten leihoetako bat apurtuz sartu zen lapurra lokalera. Lapurrak bi ei ziren tabernan dituzten kameretako irudiek erakusten dutenez, baina batek kanpoaldea zaintzen zuen bitartean bestea taberna barruan ibili zen. Irudi horietan lokal barrura sartu zen pertsona aurrez aurrez ikusten ei da nahiz eta burua sudadera baten gorroaz estaltzen zuen. Ertzaintzak irudi horiek aztertu eta fitxategietan dituen argazkiekin kontrastatu beharko ditu.

  Taberna barrura sartu zen lapurra lasai ibili omen zen Olakuako tabernariak esan digunez. Sartu orduko alarma jotzen hasi zen baina ondo kalkulatuta daukate ertzainek zenbat denbora behar duten iristek. Bitartean, joko makina ireki eta bertako dirua hartuta ihes egin zuten.

  Halako jokaera ohikoa dela adierazi digu Olakua tabernako arduradunak. Orain bizpahiru aste ere, Artxubi tabernan beste horrenbeste egin zutela azaldu digu, han ere, lapurreta egin baitzuten. Hilabeteko epean bi saio egin zituzten lapurrek Artxubi tabernan, lehenengoan ez zuten sartzerik lortu baina bigarrenean bai eta joko makinetako dirua harrapatu zuten.

  Ertzaintza ari da Olakua eta San Lorentzo auzoetako tabernen lapurretak ikertzen.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!