Olakua auzoko 16-17 eta 18 zenbakien arteko plazako zoladuran tratamendu irrista-gaitza emango du udalak.

2013/02/25
Erabakia, inguruko bizilagunek egindako eskaerari erantzunez hartu da.

  Olakua auzoko 16-17 eta 18 zenbakien artean dagoen plazako zoladura irristakor eta arriskutsu dago. Plazako mantentze-lan eta garbiketa egokia ez dela egiten adierazi dute bizilagunek. Horren ondorioz, euri-uren sareko hoditeria buxatu eta konponketa jabekideek ordaindu behar izan dutela jakinarazi diote Udalari.

  Behin eta berriz errepikatzen da arazoa, iazko martxoan ere, plaza horretan erortzeko arrisku handia dagoela salatu zuten. Orain berriz, hondakinak gaika biltzeko esekitokiak plaza ondoko eskailera inguruan jarriko direla jakinik, arazoa larriagotu egin daitekeela adierazi dute auzotarrek, labainkor dauden eskailerak ere gehiago erabiliko baitira.

  Arazoa behin betiko konpontze aldera, udal zerbitzu teknikoak plazaren egoera bertatik bertara aztertu dute berriro. Hala, garbiketa egiten dela egiaztatu ahal izan dute, baina arazoa, zoladurak malda eskasa duelako euri ura pilatzen dela da. Ondorioz, goroldio, lokatz eta landaretza sortzen da plaza irristakor eta arriskutsu bihurtuz.

  Arazoa behin betikoz konpontzeko, plazako zoladura jaso, manda handiagoa eman eta baldosa irrista–gaitzagoak jarri beharko liratekeela adierazi dute udaleko zerbitzu teknikoek. Baina plazaren azalera handia kontutan hartuta, iaz eskaileretan egin zen bezala, ondo garbitu eta tratamendu irrista-gaitza ematea erabaki da. Lanak egiteko aurrekontua eskatu da jada.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!