Olaiturri gunean estalkia eraikitzeko proiektua idazteko lanak lizitaziora atera ditu udalak

2018/02/21
Card image cap
Esleipendunak lanen zuzendaritza ere beteko du

  Olaiturri gunea estaltzea erabaki du udalak, erabilera anitzeko gune bihurtzeko asmoz. Ondorioz, espazio estali ez ezik, euriaz, haizeaz eta hotzaz babestuko duen itxitura aukera ere zehaztu beharko du proiektuaren egileak. Gunea ixteko aukera finkoak edo mugikorrak proposatu ahal izango dira baina beti, erabilerarako eta inguruarekiko egokitasuna zainduz. Izan ere, Olaiturri ondoan Sancti Spiritus unibertsitatea baitago eta proposatzen den estalki eta itxitura, eraikin historikoarekiko bateragarria izan beharko da, estetikaren ikuspegitik.

  Egokitu nahi den ekipamenduak erabilera anitzak jaso beharko ditu; kirol gune gisa erabiltzen den espazio izaten jarraitzeaz gain, bazkariak, dantza edo musika ikuskizunak, Gabonetako haur parkea edota bertso jaialdiak, besteak beste, hartzeko gune gisa egokitu beharko da. Horrek, instalazio elektrikoa, gas eta ur hartuneak edukitzea eskatuko du eta baita kamioientzako sarrera egokia ere bai, materiala modu erraz batean eraman ahal izateko. Irisgarritasun baldintzak bermatu eta segurtasun neurriak bete beharko ditu. Olaiturrin lur azpiko aparkalekuak egokitzeko aukera baztertu du udalak, baina espazioa bera aparkaleku gisa erabili ahal izatea aztertuko dela zehazten da lizitaziorako baldintza teknikoetan. Aurkezten den proiektuak egungo Olaiturriko kirol espazio osoa okupatzea aurreikusiko ez balu, etorkizunean estalkia handitzeko aukera izatea jaso beharko du, proposatzen den diseinuarekin bateragarria den aukera  aurreikusiz. Olaiturri gunearen estalkia eta ixte aukerak ez ezik, inguruko urbanizazioa eta lorategi gunerako proposamena ere jaso beharko ditu proiektuak.

  Lanetarako aurrekontua mugatu egin du udalak eta Olaiturriko gunea estaltzeko proiektuaren obrek ezingo dute 1.500.000 euroko gehienezko aurrekontua gainditu. Olaiturri gunean estalkia eraikitzeko proiektua idazteko eta lanen zuzendaritza egiteko zerbitzuaren kontratuak berriz, 120.000 euroko aurrekontua du, BEZa kanpo utzita. Behin esleipena eginda, proiektua idazteko lau hilabeteko epea izango da. Lanak berriz, datorren urtean hasteko asmoa legoke.

  Kontratua esleitzeko irizpide nagusia proposamen ekonomikoa izango da. Eskaintza ekonomikoak  60 puntu eskuratzeko aukera emango du eta proposamen teknikoak berriz, 40 puntu. Olaiturri gunea estaltzeko proiektua idatzi eta lanen zuzendaritza egiteko zerbitzua eskuratu nahi dutenek, martxoaren 26ra arteko epea dute beren proposamena udal bulegoetan aurkezteko.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!