Olabarrietako etxebizitzetako batean dago atzotik Maiatzak 1 plazako etxetik atera zituzten hiru familietako bat

2019/01/11
Card image cap
Beste biei Zubillagako udal etxebizitzak eskaini zaizkie

  Larunbat goizaldean Maiatzak 1a plazako 4. zenbakian sortu zen suaren ondorioz, hiru familia bertatik atera zituzten eta etxera itzuli ezinda, herriko ostatu batean eta senitartekoen etxeetan egon dira orain arte. Suak etxe ataria eta lehenengo solairura arteko eskailera eta eskailera burua kaltetu zituen. Horiek konpontzeko pare bat hilabete beharko direla aurre-ikusten da.

  Udal ordezkariak berehala jarri ziren etxetik atera behar izan ziren familiekin harremanetan, zituzten beharrei erantzun ahal izateko. Lehena, arropa eta oinetakoak eskuratzea izan zen eta hori, CARITASen bitartekaritzaz lotu zen. Bigarren beharra berriz, behin behineko bizilekua topatzea izan da eta hori ere, bideratuta dago. Premia gehiena herriko ostatu batean zegoen familiak zuen eta hori Olabarrietako udal etxebizitzetako batean dago, atzotik. Beste biei Zubillagako eskola zenekoan dauden udal etxebizitzak eskaini zaizkie. Baina horretarako altzariz hornitu behar dira eta gaur bertan jakingo da prest, bertara aldatzeko moduan, noiz egongo diren.

  Hiru etxebizitza horiek eskaini ahal izateko udalak Alokabiderekin tramitea egin behar izan du aurrez. Izan ere, Olabarrieta eta Zubillagako lau udal etxebizitzen alokairua Alokabide sozietate publikoaren esku utzita baitzituen udalak. Etxebizitza horien egoeraz galdetu zen eta libre zeudela ikusita, premiazko egoera honi erantzuteko, udalari itzuli eta etxetik kanpora dauden familiei eskaini zaizkie.

  Aldi berean, larrialdi egoera honi aurre egiteko bitartekoak onartu ziren atzoko gobernu batzarrean; salbuespenezko laguntzarako diru partida berezi bat zabaldu da udal aurrekontuetan. Partida honetatik ordainduko da 3 familiei eskaini zaizkien etxebizitzak altzariz hornitzeko gastuak, besteak beste. Hiru etxebizitza horien lagapenerako baldintzak ere erabaki ziren atzoko batzarrean. Lagapenaren iraupena sutea izandako eraikina berriro bizitzeko era egokian egon arte izango da. Eraikinaren jabearen esanetan kalteak hiru hilabeteko epean konponduta egongo direnez, lagapenaren gehiengo iraupena 3 hilabetekoa izango da. Ondoren, Alokabideren eskura itzuliko dira etxebizitzak alokairuan eskaintzeko. Ezustean sortu zen larrialdi egoerari aurre egiteko hartu den lagapen erabakia premiazkoa izan denez, familia bakoitzak udalari ordaindu beharreko alokairua erabakitzeko, bakoitzaren egoera sozio-ekonomikoa baloratuko da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!