Olabarrieta auzoan azpiko pasabidea eraikitzeko beharrekoak diren lurrak eskuratzeko derrigorrezko desjabetze espedienteari hasiera eman zaio.

2014/10/23
Card image cap
Uztaileko Osoko Bilkuran onartu zen proiektu aldaketaren ondorioz, afektatutako lur sailen zerrenda berria osatu da.

  GI-2630 errepidearen 12,700 kilometro puntuan oinezkoentzako eta txirrindularientzako azpiko pasabidea egiteko asmoa du udalak. Maiatzean  hasierako izaeraz onartu zen proiektua, uztaileko Osoko Bilkuran aldatu eta onartu zen, hutsik dagoen pabilioi bat botaz, pasabidearen trazatua hobetzen baitzen. Aldaketa horrek, aurrez zehaztu zen afektatutako lur sailen zerrenda ere aldatu du.

  Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean astean argitaratu den iragarkian guzti horren berri ematen da. Gipuzkoa 2630 errepidean azpiko pasabide bat egiteko proiektu aldatua hasiera batetan onartu dela eta proiektua gauzatzeko beharrezkoa den lurzorua okupatzeko nahitaezko desjabetze espedienteari hasiera eman zaiola jakinarazten da. Aldi berean, proiektu aldaketaren ondorioz ukitzen diren  lur sailen zerrenda argitaratu da eta hasierako proiektuak ukitzen zituenak baina orain libre geratzen direnen zerrenda ere bai.

  Olabarrieta auzoan oinezko eta txirrindularientzako azpiko pasabidea egiteko proiektu aldatuak, tamaina eta jabetza ezberdineko 9 lur sail ukitzen ditu. Guztira, 1217 metro koadro osatzen duten lau lur sail desjabetzea aurre ikusten da eta 793 metro koadro osatzen duten beste bost lur sail aldi baterako okupatzea.

  Baina hasierako proiektua aldatzeak, lur sail berriak hartu edo okupatzea dakarren bezala, beste batzuen gain zehaztu zen afektazioa ezabatzen du. Hala, aldi baterako okupatu asmo ziren bi lursail eta zor iraunkorra izango luketen beste hiru, libre geratuko dira.

  Lur sail guzti horien zerrendak, proiektu aldaketak afektatzen dituenak eta libre uzten dituenak, astearteko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu dira. Lur sail horien jabeei, jakinarazpen pertsonalak bidaltzen ari dira udaleko hirigintza departamentutik, zehazten diren datuak egiaztatu ditzaten eta alegazioren bat aurkeztu nahi badute, hartarako aukera dutela jakinaraziz.

  Baina herritarrek ere, aipatu proiektu aldaketarekiko alegazioak egin ditzakete. Horretarako epea, azaroaren 11an amaitzen da.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!